Durangoko Udalak Bigarren Berdintasun Plana indarrean jarri gura du 2017an. Hiru urteko epealdia izango luke. Plan berria diseinatu aurretik diagnostiko fasean daude: “Herriko indarguneak eta ahulguneak identifikatu nahi ditugu eta berdintasunaren arloan Durangoko gaur egungo egoera ezagutu gura dugu”, azaldu du Pilar Rios alkateordeak.
Horretarako, arlo bitan lan egingo dute: barrura begira, udaleko teknikari eta politikariekin, eta kanpora begira, herritarrekin eta elkarteekin. Bigarren lan-ildoaren barruan ekintza bi prestatu dituzte. Ekainaren 21ean, 19:00etatik 21:00etara, herriko elkarte feministekin batuko dira World Cafe formatuko batzarrean. Ekainaren 25eko deialdia herritar denei zuzendua dago: 12:00etatik 14:00etara, gura duten herritar denek beren ikuspegia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izango dute Andra Mariko elizpean.
Plan berria diseinatzerako orduan Emakunderen eta EDE Fundazioaren laguntza izango dute. 17.713 euroko aurrekontua dute eta Emakundek 13.275 eurogaz (aurrekontu osoaren %75a) lagunduko du.
Durangoko Udaleko Lehenengo Berdintasun Plana 2009tik-2011ra egon zen indarrean. Lankidetzaren bidez epealdi horretan aurrera eramandako proiektuak azpimarratu dio Riosek, tartean 2009an inauguratu zuten Andragunea, “gaur egun Euskadi mailan erreferentea dena”. 2012tik hona ez da Berdintasun Planik egon indarrean: “Ebaluazioak erakutsi zuen lehen plana oraindik ez zegoela erabat gauzatuta eta azken urteetan horiek gauzatzen jardun da”.