"Baten batek txakur bat gura duela esatean, adoptatzera animatzen dut"

Anboto 2016ko eka. 3a, 09:00
Ezkerretik hasita, Cayado eta 'Luna', Dordio eta 'Barry', eta Aranburu eta 'Amy'. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Txakurren aldeko ekintzak gero eta gehiago dira Durangon. Txakurrak solte ibiltzeko guneen ordenantza berria, Durandog elkartearen sorrera, berbaldiak, galdutako txakurrak topatzeko taldeak... Domeka honetan txakurren aldeko jaialdia egingo dute Landako Gunean, Durandogek antolatuta, eta adopzioaren aldeko mezua zabalduko dute, batez ere.

Hainbat lagunek, erosi beharrean, adoptatu egiten dute txakurra, asko baitira abandonaturik daudenak. Etxeko atea zabaldu dutenetako batzuk Amaia Aranburu, Iban Dordio eta Eneko Cayado dira. “Baten batek txakurra gura duela esatean, adoptatzera animatzen dut”, esan du Cayadok.

Aranburu eta Dordioren etxean hiru txakur aldi baterako eduki dituzte, etxe berri bat topatu bitartean. Dordiok azaldu du zelan murgildu ziren abenturan: “Auzokide batek errepidean topatutako txakur bat ekarri zigun, Txoko. Hamar egunean etxea topatu genion, eta esperientziak zapore ona utzi zigun”. Gero, Iruñeko Basati babes elkartetik Cash txakurraren berri eduki zuten. Kasik miraria zen bizirik egotea. “Azpeitiko zubi batetik bota zuten, eta atzeko hankak apurtuta zituen; hasieran ezin zuen ezta ibili ere egin. Oso lagunkoia zen”. Hiru hilez egon zen euren etxean. Hirugarren txakurra, Nebraska, sei hilez eduki zuten. Txakurra joatean, pena baino, poztasuna sentitzen dela dio Aranburuk, etxe on batera doalako. “Hutsune bat geratzen da, baina beste txakur batek bete dezan”. Euren hutsune hori Barryk bete du orain, eta behin-betiko adoptatu dute. Amyri egiten dio konpainia, 2014an orratzez betetako saltxitxa bat jan ostean ezagun egin zen txakurretako bati, hain zuzen ere.

Maitasuna eta heziketa
Cayadok 13 urtez eduki zuen txakur bat, eta, hura hil ostean, Basati elkartean topatu zuen Luna. “Hasieran kezka apur bat neukan, ea ondo eramango ote ginen... Txakurrak bere pertsonalitatea osatua izaten du. Baina, orain, banaezinak gara. Maitasuna eta beragaz egotea behar zuen, batez ere”.

Maitasunaz gainera, heziketa oso garrantzitsua izaten da kasu hauetan. “Gure helburua txakurra ondo heztea izaten da, babes-etxe batera bueltatu ez dadin”,  azaldu du Aranburuk. Izan ere, abandonatutako txakur hauek esperientzia txarren karga edukitzen dute kasu askotan, eta euren heziketa ez da zeregin erraza izaten. Dordio: “Barrygaz, oraindik, kontu handia eduki behar izaten dugu, ezin dugu parkean askatu eta lasai egon. Baina lau hiletan hobera egin du”. Barryk jendeagaz eta autoekin arazoak zituen, eta Lunak bizikleta eta baloiekin obsesioa zeukan hasieran. Ez dute etsi gura, eta badakite ez dela jolas bat, Dordiok dioenez: “Txakurrari ezin dizkiozu pilak kendu eta armairuan gorde”.

Txakurren babes etxeak gainezka daudela dio Aranburuk, eta horren inguruko informazioa domekan jaso ahalko da, Landakon, 10:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!