Durandog: “Adopzio batek bizitza bat salbatu dezake”

Anboto 2016ko eka. 1a, 12:06

Txakurren adopzioa sustatzeko jaialdia egingo du Durandog elkarteak ekainaren 5ean, eta, horrela, animalia horien lagunen bilgune bihurtuko da Durango. Landako Gunean egingo da berbaldi, erakustaldi eta tailerrak jasoko dituen jaialdia. “Adopzio batek bizitza bat salbatu dezakeelako, aukerarik onena adopzioa da”, esan dute antolatzaileek. Beraz, txakurrak erosi baino, adoptatzeko deia egin dute. Izan ere, animalien tratu txarra eta abandonua “arazo larriak” direla uste dute Durandogekoek. Euskal Herriko 15-20 bat elkartek parte hartuko dute jaialdian.

10:00etatik aurrera, doako informazio eta orientazio berbaldiak eskainiko dituzte, obedientzia erakustaldiak, umeentzako tailerrak... Gainera, adoptatutako txakurrei txertoa doan ipini ahalko zaie, eta janaria eta mantak batuko dituzte beharra dutenei laguntzeko. Eguerdian herri bazkaria egingo dute.

Jasoneri omenaldia
Durandog elkartea sortu zen egunean bertan bultzatzaileetako lagun bat hil zen, eta hura gogoratzeko aprobetxatuko dute jaialdia, egunaren hasieran burutuko duten ekitaldi bategaz. Natalia Zuazua elkarteko kideak azaldu du eurentzat eredu zela: “Jasonek asko lagundu zigun, eta animaliekiko zeukan maitasuna eredu da guretzat. Badakigu hemen egotea gustatuko litzaiokeela, eta hemen egon ez arren, bera presente egotea gura genuen”.

Txakurren aldeko elkarteei laguntzeko asmoz, eskumuturrekoak eta kamisetak salduko dituzte egunean zehar, eta zozketa bat ere egingo dute jaiko gastuetarako.

Txakurren Pintxopotea
Aurretik, hilaren 3rako, Txakurren Pintxopotea deitu dute. Pol-Pol, Gorbea eta Maite tabernetan izango da, eta Antonio Marquez antolatzailearen esanetan, txakurrentzat prestatuko dute pintxoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!