Durangoko Gran Hotel-ari “sozialki onartezina” den lan kaleratzea leporatu diote

Anboto 2016ko mai. 31a, 19:46

Gaurko prentsaurrekoko irudia. Lehen planoan ezkerretik hasita: Alfonso Arabguren Durangaldean LABeko zerbitzu pribatuetako arduraduna, Ainhoa Mendo langile kaleratua eta Joseba Antxustegi Angelman Sindromea elkarteko presidentea.

Hoteleko langile batek lan orduen murrizketa eskatu zuen Angelman sindromea duen alaba hobeto zaintzeko. Handik egun gutxira lan kaleratze gutuna jaso zuen. Eguenean, 18:30ean, kontzentrazioa deitu dute hotelaren parean egoera salatzeko.

“Sozialki onartezina” den lan kaleratze baten berri eman dute gaur, LAB sindikatuak eta Angelman Sindromea elkarteak deitu eta hainbat eragile gehiago batu dituen prentsaurrekoan. Gran Hotel Durango-n gertatu da. Apiril erdian Ainhoa Mendo hoteleko langileak lan orduen murrizketa eskatu zuen Angelman sindromea duen bere alaba zaintzeko. Enpresak denbora eskatu zion, berregituraketa batean zeudela argudiatuta. Handik egun batzuetara, maiatzaren 9an, Mendok kaleratze-gutuna jaso zuen. 2008tik zebilen Gran Hotel-en eta harrera-leku departamenduan lan egiten zuen. Lanaldi osora eta turnoka ziharduen eta lanaldi erdi murriztea zen bere eskaera, alaba zaintzeak “gero eta denbora gehiago” eskatzen ziolako: “Hazten doazen heinean zainketa gehiago behar dute”, dio Mendok.

Durangaldean LABeko zerbitzu pribatuen alorreko arduraduna den Alfonso Arangurenek gogor salatu du kaleratzea: “Ezin dezakete berregituraketa batekin arrazoitu, gainera postu hori ez denean desagertzen; are gehiago, handik egun bira Durangoko gazte bati eskaini zioten postua”. Kaleratze denak “larriak” izanagatik, batzuk “sozialki onartezinak”  ere badirela gaineratu du: “Lana eta familiaren zaintza uztartzea eskubidea da”. Hotelari egoeraren berri eman eta langilea berriz hartzeko eskatu zioten, baina “ez dugu erantzunik jaso eta euren abokatuetara bideratu gintuzten”.  Mendo berriz lanean hartzea eskatzen dute: “Guk ez dugu diru konturik planteatu. Lanean berriz hartu dezatela da dugun helburu bakarra”.

Eragile, herri mugimendu eta sindikatuen artean adierazpen bat zabaldu dute. Hiru puntu ditu. Lehenengoan Ainhoa Mendo lanean berriz hartzeko eskatzen dute eta sortutako kalteak konpon daitezela. Bigarrenean, Gran Hotel Durangok lan-jardueraren murrizketa “berehala onartu dezala” eskatzen dute. Hirugarren puntua deialdi bat da. Eguenean, 18:30ean, Gran Hotel-aren aurrean kontzentrazioa egingo dute egoera salatzeko.

Momentuz honako hauek sinatu dute adierazpena: Angelman Sindromea elkarteak, LAB sindikatuak, ELA sindikatuak, EHNE sindikatuak, CCOO sindikatuak, Ernai Gazte Erakundeak, Sorginola Gaztetxeak, Andereak-ek, Bilgune Feministak eta Zapaburu konpartsak. Atxikimenduak Angelman sindromea elkartera (jantxustegi@gmail.com eta 688 619 229)  zein LAB sindikatura (a.aranguren@lab.eus eta 657 718 832) helarazi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!