Cristina Luengo: "Aurrera egiteko bazkide berriak behar ditugu; energia eta jende berria behar dugu"

Anboto 2016ko mai. 31a, 09:00
Cristina Luengo, Andaluziako zentroko presidentea

Bederatzigarren aldia izan duen Apirileko Azokak izandako erantzunagaz pozik dago Andaluziako Zentroko presidentea den Cristina Luengo (Durango, 1985). Une onak eta txarrak pasa dituen elkartea ezagutarazteko oso garrantzitsua da ekintzak antolatzea, bere ustean.

Oraintxe egin duzue Apirileko Azoka. Nola joan da dena?
Oso ondo, egia esan. Primeran. Bildur apur bat ere bageneukan. Apirileko Azoka ez da 2013tik egin, eta dena martxan ipini behar izan dugu berriz ere; berrikuntzak ere sartuta. Elkartearen zuzendaritza ere berriztu dugu, eta ez genekien nolako erantzuna izango zuen. Baina, oso ona izan da erantzuna. Zapatua egun borobila izan zen, egun osoan egon zen azoka beteta. Domekako Rocío estiloko mezan, eta ondorengo poteo eta txibien orduan ere jendea batu zen. Bazkalorduan giroa moteldu arren, arratsaldean berriz berotu zen.

Urte batzuetan ez da antolatzeko modurik egon?
Eskatzen duen lana izan da arazo nagusia. Antolakuntza, ardurak hartzea... lan handia da, eta aurreko zuzendaritza batzordeak ez zuen hori gain hartu. Gainera, elkarteak ez du diru askorik. Bazkideen kuotak dira diru-iturria, eta halako muntairako dirua behar da. Ate asko jo behar dira, laguntza asko eskatu, dirua lortzeko nahiz-eta gero berreskuratu, zati bat bada ere. Udalak ere laguntzen digu lekua utziz, eta ez da gutxi, bestela ezingo genuke egin. Horri beharrezko segurtasun neurriak eta agiriak gehitu behar zaizkio.

Ahalegin pertsonal eta ekonomikoa eskatzen du.
Hala da. Ahalegin pertsonala behar da, eta ekonomikoki gure baliabideetara egokitu.

Noiz sortu zen Andaluziako Zentroa? Zein helburugaz?
1987an sortu zen, Andaluziako kultura sustatu gura zuen andaluziar talde baten eskutik. Landakon elkartzen ziren hasierako urte haietan. Dantza taldeak ere bazeuden, eta ahal den neurrian mantendu dira.

Durangon egonkortuta dago Andaluziako zentroa?
Momentu larriak egon dira, baina,  gaur egun, finkatuta dagoela esango nuke; ezaguna da herrian. Orain 80 bazkide gara, baina, egon dira 200 bazkide inguru izan diren sasoiak. Dena den, elkarte guztiek bizi dituzte momentu txarrak eta momentu oso onak. Baliteke ekintza gehiago antolatuta ezagunagoa izatea. Elkartea ezagutarazteko, edo desberdina den beste aukerarik badagoela ikusteko, ekintzak antolatzea oso garrantzitsua dela uste dut. Eta asko etortzen dira sevillar dantzen klaseak ematen diren galdezka.  Modan dagoela ematen du, eta badago jendea ikasteko gogoz.

Belaunaldi berriek hartu duzue lekukoa. Sasoiak aldatu dira?
Sasoiak aldatu dira, bai, baina elkartea aurrera ateratzea da guztion helburua; gauzak egitea. Bazkideen batez besteko adina altua da, eta berrikuntzak beharrezkoak dira. Aurrera egiteko bazkide berriak behar ditugu; energia berria eta jende berria behar ditugu. Nola animatzen da jendea? Gauza berriak eginez, ekintzak antolatuz. Bertaratzea, ikustea, parte hartzea... aurrerapauso bat da, gero bazkide egin daiteke edo ez.

Elkartea ikusgai izatea, ekintzak antolatzea du helburu zuzendaritza berriztuak?
Hala da. Dena den, zuzendaritza martxoan berriztu da; lehenengo pausoak ematen hasi gara. Apirileko Azokagaz hasi gara, eta ekainaren 18-19an Rozioa ospatuko dugu. Datorren urtean datak aurreratu gura genituzke.   

Durangon integratuta zaudete belaunaldi berriak?
Bai. Hemen jaio eta bizi naiz. Euskaraz irakasten dut eta nahi dudan tokian nago. Aldi berean, Andaluziako kultura eta dantzak asko gustatzen zaizkit —egia esan, edozein dantza—, eta pena ematen dit zentroa ixtea, ekintzarik ez sortzea...

Gazteak erakartzea ere badazue erronka?
Bai. Baina, erronka zaila ere bada. Ikastaroak antolatzen ditugu, bazkideentzako prezio bereziekin, hala ere, jendea erakartzeko zerbait gehiago behar da: txangoak, bidaiak... Apurka apurka egin behar da hori; izan ere, finantzatu ahal izateko, diru-sarrerak gehitzeko gauzak egin beharko genituzke.

Euskaraz oso ondo moldatzen zara.
Bai? Etxean ez da inoiz euskaraz berba egin, baina gurasoek argi izan dute euskara ikasi behar nuela. Gaztelaniaz ikasi dut baina txikitatik euskaraz ikasteko eskola partikularrak jaso ditut.

Bertako kultura eta hizkuntza jaso dituzue.
Bai. Gure ekitaldietan beti barneratzen dugu euskal kultura. Hemen bizi gara. Beste erronka bat izango dugu,  ekitaldiren batean aurreskua-edo flamenkoagaz uztartzea. Andaluziako kultur astea ospatu gura dugu azaroan, ia ordurako zerbait berezia prestatzen dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!