Venezuelatik iritsi eta atseden hartzeko astirik gabe Ibilaldira?
Bai, Ibilaldia data honetan izaten zela jakin nuenean argi nuen ezin nintzela Ibilaldira etorri gabe gelditu. Maiatzean etorriko ginela erabaki genuenean ingurukoei esan nien Durangora etortzea nahi nuela, eta bertan nago, Ibilaldian.
91 urtetan beraz, zure lehen Ibilaldia duzu?
Bai, hala da. Sarritan etorri naiz opor egun batzuk pasatzera Euskal Herrira, nire jaioterrira, baina, inoiz ez dit Ibilaldiarekin kointziditu. Beraz, aurten ezin nuen hutsik egin, euskara ardatz duen edozein gauzak txunditzen nau eta. Gainera, aitortu behar dut, euskara, hezkuntza... uztartzen dituen jai batean egon ahal izatea izugarria dela.
61 urte Venezuelan eta euskaraz ederto hitz egiten duzu.
Beti hitz egin izan dut euskaraz, egon naizen lekuan egon naizela. Leku ezberdinetan egotea tokatu zait, 1936ko gerratik ihesi Ingalaterra eraman ninduten, beste haur batzuekin batera, ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Venezuelara joan nintzen. Eta ahal izan dudan toki guztietan euskaraz hitz egin izan dut, eta horrela, jarraituko dut. Gainera, esan behar dut, etxean, Venezuelan, EITB ikusten dudala, eta horrek, asko laguntzen didala euskara nire egunerokoan izaten.
Beraz, euskara egunerokoan presente duzu?
Bai, beti izan dut eta beti izango dut. Nire osabak, Andima Ibinagabeitiak, transmititu zidan gure hizkuntzarekiko maitasun hau, eta egia esan, ordutik, euskarak txundituta nauka. Aitortu behar dut, Durangora trenean etorri garenean, inguruko gazteak erderaz hitz egiten entzun ditudanean, izugarrizko tristura sartu zaidala. Konturatu bainaiz jendeak ez dakiela nolako altxorra dugun. Beraz, hemendik, gazteei, nagusiei... animatu nahi diet euskara erabiltzera, euskaraz hitz egitera.