Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoak, Ibilaldiko arduradunek, Ai Laket elkarteak, Sasoia enpresak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak elkarlanean koordinatu duten kanpaina da. ‘Gustura eta zentzuz ospatu Dagigun!’ da erabiliko duten leloa.
Horretarako, kalera irten eta gazteekin aurrez aurre egongo dira. Gazteak gehien ibiliko diren guneetan zentratuko dira batez ere. Esaterako, 3. gunean, Sortu Dagigun izenekoan, Ai Laket elkarteko kideak ibiliko dira. Ai Laket elkarteak, 2002an elkarte moduan sortu zenetik, kontsumo arduratsuaren ideian eragitea du helburu. Alkoholaren erabilerak sortu ditzakeen arriskuak gutxitzeko lan egiten dute, horretarako prebentziorako komunikazioa erabiliz.
Domeka honetan, elkarteko kide eta boluntarioen artean taldetxoetan banatu, eta gazteengana hurreratuko dira informazio-diptikoak eta pegatinak banatzera zein eurekin berba egitera. Esaterako, gazteak alkoholaren erabileraren arriskuez kontzientziatzen eta erabileraren inguruko arrazoi eta helburuen gaineko hausnarketa bultzatzen saiatuko dira; edo alkoholaren inguruko informazio
objektiboa emango diete, egoera hobeto kudeatzeko oinarrizko jakintza izan dezaten. Adibidez, alkohola kontsumitzen denean, garrantzitsua da elikatu eta ondo hidratatzea. Horregatik, ura eta fruitu sikuak banatuko dituzte gazteen artean.
Sasoia enpresako kideak, aldiz, Jolastu Dagigun! izeneko 2. gunean egongo dira. Gune horretan egongo dira zuzeneko kontzertuak. Herriz herriko jaietan alkoholemia maila neurtzeko postuak jartzen dituzte, eta Ibilaldia ez da salbuespena izango. Postu horretan askotariko informazioa banatuko dute, eta gura duenak bere alkohol tasa jakiteko aukera izango du.
Horregaz batera, gazteengana hurreratuko dira egunean zehar. Gazteekin egotea eta drogen arriskuez prebenitzea dira helburuak. Ai Laket-eko kideen moduan, ura, janaria eta diptikoak ere banatuko dituzte, besteak beste.