Ibilaldia 2016

Durangoko elkarteak ere protagonista izango dira domekako Ibilaldian

Anboto 2016ko mai. 27a, 11:00

Errugbiko arauak ikasteko aukera emango dute Zuhatzolan DRTkoek

Durangoko elkarteak ere protagonista izango dira domekako Ibilaldian. Izan ere, hainbat talde kultural eta sozialek bat egin dute jaialdiagaz, eta euren alea ipiniko dute egitarauan. Ibilaldiko antolatzaileek parte hartzeko gonbidapena egin zieten, eta askok eman dute baiezkoa.

Geu Be elkartea da parte hartuko duenetako bat. Antolatzaileen proposamena “oso ideia ona” iruditu zaio Jose Alfarori: “Horrela egin behar dira gauzak, guztion artean”. Landako Gunea eta Plateruenaren arteko eremuan edukiko du lekua Geu Bek. Bertan, zirkuitu egokitu bi ipiniko dituzte. Alfaroren arabera, begiak tapatuta egin beharko da bat, eta bestea gurpildun aulkien gainean. Zirkuituez aparte,  Ibilaldiaren ibilbiderako irisgarritasun aholkuak ematen lagundu du elkarteak: aulkia nondik joan ahal den, arazo posibleak zelan konpondu...

Kirol jolasak
Zuhatzolako parkean, Jolastu dagigun gunean, DRTk eta Tabirakok parte hartuko dute. 11:00etatik 14:00etara bitartean, errugbiagaz eta saskibaloiagaz lotura duten jolasak egingo dituzte. DRTko Aratz Gallastegik azaldu du landan jaurtiketak edo plakaketak egiten ikasteko aukera egongo dela, eta horretarako, zutoinak eta koltxonetak ipiniko dituztela. Errugbiko arauak erakutsi eta partidu laburrak ere prestatuko dituzte.

Familian jolasteko
Berbarok Ibilaldiko lau gunetan edukiko du presentzia tailerrekin: Tabiran, Landakon, Aramotzen eta Kurutziaga ikastolan. “Familia osoarentzat pentsatutako tailerrak dira, ume zein helduentzat”, esan du Itsaso Gangoitiak. Txapak edota kamisetak lantzeko aukera eskainiko dute lau guneetan, eta aparte, Tabiran eta Landakon tailer bereziak ere bai, guneen izenagaz lotuta. Tabiran, Eraiki dagigun gunean, kartoizko kaxak margotu eta mosaiko erraldoi bat burutuko dute; Landakon, Sortu dagigun gunean, zirkua ekarriko dute malabare eta mozorroekin, besteak beste.

Tailerretako dinamizatzaileak Berbaroko eta Ibaizabal ikastolako hezitzaileak izango dira.

Bertsoak, Aramotzen
Aramotz auzoan (Mataderoa) bertso saioa iragarri dute, Durangaldeko Bertso Eskolaren eskutik. 12:30 bueltan Igor Elortza, Onintza Enbeita, Txaber Altube, Igor Galartza, Iker Apraiz eta Pello Azkarate hasiko  dira kantatzen. Beraz, bertsolari esperientziadunak eta gazteak elkartuko dira mikrofono parean. Nahia Arrese ibiliko da gaiak ematen.

Txosnak, Pinondon
Bestalde, herriko sei elkartek Txosnagunea ipiniko dute Pinondoko parkean, Alde Zaharrean sortuko den jai giroa zabaltzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!