Txakurren adopzioa sustatzeko jaialdia egingo du Durandog elkarteak

Anboto 2016ko mai. 24a, 17:27

Ekainaren 5ean ospatuko da jaialdia, eta horrela, animalien lagunen bilgune bihurtuko da Landako Gunea. Bestalde, ekainaren 3an Txakurren Pintxopotea egingo dute taberna batzuetan.

"Adopzio batek bizitza bat salbatu dezakeelako, aukerarik onena adopzioa da", esan dute antolatzaileek. Beraz, txakurrak erosi baino, adoptatzeko deia egin dute. Izan ere, animalien tratu txarra eta abandonua "arazo larriak" direla uste dute Durandogekoek. Euskal Herriko 15-20 bat elkartek parte hartuko dute 10:00etan hasi eta 19:00etan amaituko den jaialdian.

Durangoko Udalak laguntzen du jaialdia, eta hantxe egin dute aurkezpena. Aitziber Irigoras alkateak Durandogeko kideen eguneroko lana eskertu du: "Oso lan garrantzitsua eta sakona egiten ari dira". Hari beretik, "elkarbizitzaren alde egiten duten lana" baloratu du Pilar Ríos alkateordeak.

Jasoneri omenaldia
Durandog elkartea sortu zen egunean bertan, bultzatzaileetako lagun bat hil zen, eta hura gogoratzeko aprobetxatuko dute jaialdia, egunaren hasieran burutuko duten ekitaldi bategaz. "Jasonek asko lagundu gintuen, eta animaliekiko zeukan maitasuna eredu da guretzat", esan du Natalia Zuazuak.

Txakurren aldeko elkarteei laguntzeko asmoz, pultserak eta kamisetak salduko dituzte, eta jaiaren gastuak kubritzeko, zozketa bat garatuko dute.

Bideo berezia
Adopzio kanpaina bultzatzeko, pertsona ezagunekin bideo bat landu dute; Ander Iturraspe Athleticeko jokalariak edota Reyes Prados aurkezleak egin dute bat, adibidez.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!