Lariz Torre izango da Durangoko Andragune berria

Anboto 2016ko mai. 13a, 15:24

Turismo bulegoa Kurutzesantu museoan ezarriko du udalak, eta bere lekuan Andragunea kokatuko du, orain arte Pinondo Etxean zegoena. EH Bildu ez da udalaren prentsaurrekoa joan, hasieran iragarri arren.

2009an zabaldu zen Andragunea, Durangoko plataforma feministaren eskariari kasu eginez. Pinondo Etxeko beheko solairuan egin zioten lekua, "besterik ez" ei zegoelako, Pilar Ríos alkateordeak azaldu duenez. 129 emakumek parte hartu zuten urte hartako ikastaroetan, eta urterik urte, partaidetza eta bere erreferentzia handituz joan da. Aurten, 325 emakume dabiltza Jabekuntza Eskolako ikastaroetan. Aitziber Irigoras alkateak adierazi du "Andraguneak espazio egokiago bat edukitzea" beharrezko ikusten zutela, eta horregatik, Lariz Torrera lekualdatuko dutela. Gainera, feministen hasierako eskakizun bat beteko da horrela: Andraguneak espazio propio eta independentea edukitzea, erreferentzia indartzeko.

Turismo bulegoa Kurutzesantu museora eramango dute, eta horrela, museoa zabalik egotea ahalbideatuko da. Zalantzan dagoena, Durango Eraikitzen erakunde autonomoagaz zer egin da, Lariz Torren baitago. Irigorasek esan du udalean espazioen inguruko hausnarketa orokor bat garatzen dabiltzala, eta horren baitan erabakiko dela zer egin Durango Eraikitzenegaz. Pinondo Etxean libre geratzen den espazioagaz ere, berdin.

EH Bilduk, prentsaurrekoari ez
Gaur aurkeztutako aldaketa, gobernu taldeak udal aurrekonturako EH Bildugaz lortutako akordioaren baitan dago. Hain zuzen ere, EH Bildu izan zen Andragunea Lariz Torrera eramatea publikoki proposatu zuen lehena, iazko azaroan. Prentsaurrekoa Irigoras eta Ríosek eman dute, baina deialdian EH Bildu egongo zela ere aurreratu zen. Koalizioak adierazi du Berdintasun Kontseiluaren (politikariez gainera elkarteak ere badaude) esku egon beharko litzatekeela berria publiko egitea, han hartu delako erabakia. "Ez zaigu ondo iruditzen kontseiluaren aldarrikapen hau alderdi politiko batzuren propaganda hutserako erabiltzea". Horregatik, ez joatea erabaki dute. Prentsaurrekoan bertan, Ríosek esan du kontseiluko kideak gonbidatuta egon direla, baina ordutegiagatik ezin izan dutela bertaratu. Polemikaz aparte, EH Bilduk azaldu du pozik dagoela Andragunea Lariz Torrera eramatearen erabakiagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!