Aramotz, San Fausto eta Antso Estegiz, inbertsioen helmuga

Anboto 2016ko mai. 13a, 09:26

Durangok badauka 2016rako udal aurrekontua, eta aspaldiko adostasunik zabalenagaz, gainera. EAJ eta PSE-EEren gobernu taldearen planak EH Bilduren eta PPren abstentzioagaz egin du aurrera, eta Aitziber Irigoras alkateak “akordio historikoa” dela nabarmendu du; Herriaren Eskubidea geratu da soilik kanpoan. Akordioari esker, berrikuntza behar duten auzo zaharrenetako batzuk izango dira inbertsioen helmuga: Aramotz, San Fausto eta Antso Estegiz, hain zuzen ere.

800.000 euro, auzoetan
EH Bilduk egindako 37 ekarpenetatik 12 jaso ditu aurrekontuak. Dani Maeztuk adierazi du ez dela eurek gurako luketen aurrekontua, baina herritarrekin auzo batzarrak egin dituzte, eta ekarpenak onartu direnez, abstentziorako motiboa ikusi dute. 800.000 euro erabiliko dira auzoetan hobekuntzak egiteko. Aramotzen (Mataderoa) etxe zaharrenak eta ingurua berriztuko dituzte –saneamendua, irisgarritasuna, energia...– 300.000 eurogaz. Antso Estegizen, kalean bertan, alboko lorategian eta Matute plazan egingo dituzte obrak, 300.000 eurogaz. San Fauston, dagoeneko hasita dauden birurbanizazio lanak amaitu, eta Kapitanena baserria egokituko dute auzoarentzat, 200.000 eurogaz. Prozesu parte-hartzaile baten bidez erabakiko dute eraikina zertarako erabili. Bestalde, hainbat jolasleku estaliko dituzte.

PPren kasuan, 6 ekarpen ditu planak. Esanguratsuena, Fran Garateren ustez, 208.000 euroko partida, langabeak enpresetan kontratatzeko. Andra Mariko basilika konpontzeko ideia ere jaso da, besteak beste.

Akordioagatik, eskerrak
Aurrekontua izatea durangarrentzat “albiste ona” dela esan du alkateak, eta akordioa ez dela bat-batekoa izan, abendutik hona egindako prozesu baten ondorioa baizik. “EH Bilduren eta PPren hurbilketa eta jarrera negoziatzailea” eskertu ditu gobernu taldeak. Hain zuzen ere, abendutik hona egindako lana goraipatu du Goiztidi Diaz jeltzaleak, eta aurrekontuari esker herriko elkarteei 1,8 milioi eurogaz lagunduko dietela azpimarratu du.

“%20ko hazkundea”
31 milioi euroko aurrekontua da aurtengoa, eta Ríos alkateordeak azaldu du hiru ardatz dituela, euren legealdiko gobernuak lez: gizarte politika, berdintasuna eta enplegua. Gainera, arlo horiek aurten “%20ko hazkundea” edukiko dutela adierazi du PSE-EEko kideak. Pertsona nagusientzat jantoki sozial bat sortzea, bigarren Berdintasun Plana garatzea eta JAEDen pobrezia energetikoaren aurkako kanpaina laguntzea dira inbertsioetako batzuk.

“Partaidetza falta”
Martitzenean egin zen aurrekontua onartzeko bilkura, eta Herriaren Eskubideak izandako aurkako jarrerak markatu zuen eztabaida. Aurrekontuari “gardentasun eta partaidetza falta” ikusten diote, Jorge Varelak azaldu zuenez: “Opakutasunean, ateak itxita landu dira negoziazioak, eta aldebikoak izan dira. Aurrekontuen lanketa foro zabaletan egin beharko litzatekeela uste dugu”. Diaz jeltzaleak ukatu egin zuen hori, eta akordiora batu ez izanaren ardura HEri bota zion: “Gakoa hitz egiteko borondate faltan dago”. Gainera, “zentzurik bako oposizioa” egitea leporatu dio.

Bestalde, akordioa propagandarako erabili gura izatea, eta “truke oportunista” bat dela salatu zuen Varelak.

Hala ere, Riosek azaldu zuen zirriborroa landu aurretik elkarteekin berba egin zutela. Maeztuk, bere aldetik, EH Bilduk auzo batzarrekin burututako prozesua Durangon “aitzindaria” izan dela esan zuen, eta hori “prozesu instituzional bat” izan beharko litzatekeela.

Aurrekontua onartu da, eta udaleko web-ean ikusgai egongo dela iragarri zuen Diazek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!