Ibilaldia 2016

Rosi Oleaga eta Rosa Elizburu omenduko ditu Ibilaldiak

Anboto 2016ko mai. 12a, 13:15

Kurutziaga eta Ibaizabaleko guraso, irakasle eta ikasleek buru-belarri dihardute Ibilaldiaren prestaketa lanetan. Ildo horretatik, maiatzaren 29ko jaira begira antolatutako egitarauaren berri eman dute.

Ibilaldi hasierako zinta Ibaizabaleko bi langilek moztuko dutela aurreratu dute, Rosi Oleagak eta Rosa Elizburuk, hain zuzen. Idurre Maortua Ibaizabaleko arduradunak azaldu duenez, “bi emakume hauek guraso eta langile izan dira ikastolan, eta eredu izan dira euren lanarekiko jarreran. Ikastola beraien proiektu egin dute, eta beti jarrera positiboa eta ekintzailea erakutsi dute, momentu gozo zein gazietan”.

Ibilaldiko ordezkariek diotenez, “egitaraua elkarlanean osatu dugu Durangoko kultur, gizarte eta kirol eragileekin. Horrez gain, Euskal Herri osotik etorritako artistek ere lekua izango dute bertan”. Gaineratu dutenez,  “jai eredu ezberdinak eskaintzen dituen egitaraua eraiki dugu hiru zutabe funtsezkoren gainean: herritarra, parekidea eta parte-hartzailea”.

Sei kilometroko ibilbidea bost gunetan banatuta egongo dela nabarmendu dute. Lehenengo gunea Tabiran kokatuko dute. Eguerdian, espazio horretan, Ibilaldiko koreografia irakatsi ostean, flash move erraldoia egingo dute. Zuhatzola parkean atonduko dute bigarren gunea. Zonalde horretan, besteak beste, DRTk eta Tabirakok ekintzak antolatuko dituzte. Hirugarren gunean, Landako Gunean, Geu Be elkarteak tailerrak antolatuko ditu. Mataderoko laugarren gunea, berriz, Musika eskolaren eta musika talde gazteen plaza izango da. Bosgarren gunea Kurutziaga ikastola bera izango da. Pailazoen emanaldiez gain, herri bazkaria prestatuko dute bertan.

Eragile morea
Eraso sexistak saihestu guran, eragile morearen figura sortu dute Ibilaldirako. Erasoak prebenitzeko zaintza lana egingo duten boluntarioak more koloreko peto bat eramango dute. Gainera, gai honen inguruko tailerra prestatu dute maiatzaren 19rako.

Kontsumo arduratsua
Antolatzaileen beste kezketako bat botiloiarena da. Durangaldeko Amankomunazgoagaz batera, kontsumo arduratsua bultzatu gura dute, eta, horretarako, boluntario talde batek lan egingo du Ibilaldi egunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!