Ibilaldia 2016

Sei kilometroko ibilbide urbanoa prestatu du Ibilaldiak

Anboto 2016ko mai. 9a, 09:00

Ibilaldia 2016 geroz eta gertuago dago. Maiatzaren 29ko hitzorduari begira, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastoletako arduradunek ibilbidearen berri eman dute. Ibilbide urbanoa prestatu dute, lehenengo aldiz Durango barruan egingo den ibilbidea. “Ibilaldia herritik eta herriarengandik hurbil egotea bilatu dugu”, azaldu dute antolatzaileek. Ibilaldiari hasiera ofiziala emateko Dagigun! aurkezpena Ibaizabal ikastolan egingo dute, eta bertatik abiatuko da Ibilaldia 2016.

Ibilbideak bost gune izango ditu: Zuhatzola, Landako gunea, Mataderoa, Kurutziaga, eta Tabira. Guztira 6 kilometro izango ditu. Ibilbide honen berezitasuna norabide jakinik ez duela da. Norberak aukeratuko du norabidea. Antolatzaileek sei kilometroko ibilbide luze bat proposatu dute. Era berean, herri barrutik beste ibilbide laburrago batzuk egin daitezke.

Egitarau aurrerapena
Egitarauari dagokionez, lan-ildoen berri eman dute. Talde handi famatuak ekarri beharrean, inguruko taldeei aukera ematea hobetsi dutela azaldu dute. “Ibilaldiak bultzatu gura dituen balioekin bat egiten duela uste dugu, horregatik, Durangaldeko taldeekin, Euskal Herriko talde gazteekin, eta Durangoko elkarte ezberdinekin elkarlanean gauza asko antolatu ditugu urtean zehar, bertso saioa, musika/dantza ekimena… eta Ibilaldi eguna ere”

Ibilaldi eguneko antolakuntzan buru-belarri dihardute. Azaldu dutenez laguntza gehien trafikoa bideratzeko behar dute, 160 lagun, hain zuzen. (Izena ematea: www.ibilaldia.eus).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!