Ezker abertzaleak estrategia independentista ipini nahi du martxan

Anboto 2016ko mai. 7a, 13:45

Argazkia: @ezkerabertzalea

Ezker abertzaleak Abian eztabaida prozesuaren amaierako ekitaldia egin du Durangoko Landako erakustazokan, eta estrategia berrirako ondorioak aurkeztu ditu.

"Estatu espainiarrak eta frantziarrak ez dute erabakitzeko eskubidea onartuko. Horregatik, aldebakarreko estrategia independentista martxan ipini behar dugu". Igor Arroyok eman du iritzi horren berri, Marije Fullaondogaz batera mugimenduaren izenean berba egin duenean. Norabide horretan, hemendik aurrera "dekantazio independentista hegemonikoa bihurtzea" izango dute helburu. Horrez gainera, "euskal preso eta iheslariak lehenbailehen etxeratzea" ere lehentasun lez hartu dute, eta horretarako, "herri-estrategia" bat landu beharra ikusi dute.

Estrategia berria garatzeko, "ezker abertzalea aldatzera" doazela esan dute, "proiektuaren koherentzian". Parte-hartzea, auzolana, elkartasuna, euskararekiko konpromisoa eta praktika feministak garatzeko konpromisoa erakutsi dute.

Bestalde, elkarlanean jarduteko eskua luzatu diete EH Bilduri, EH Bairi, herri mugimenduetan dabiltzan pertsonei eta "prozesu soberanista martxan ipini gura duten guztiei".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!