Aurora Abasolo, Benita Uribarrena eta Bixenta Mogel, Durangoko kale-izendegian

Anboto 2016ko mai. 6a, 14:22

Aitziber Irigoras eta Pilar Rios Bartolome Ertzilla Musika Eskolaren ondoko parkean.

Durangoko Berdintasun Kontseiluak bultzatuta, herrian emakumeen izenak ikusarazteko pausoa eman dute. Horrela, nazioartean ezaguna izan zen Aurora Abasolo soprano durangarraren izena ipiniko diote Bartolome Ertzilla Musika Eskola ondoko parkeari. Arte eta Historia Museoaren ondoko lorategiak berriz, Benita Uribarrena izena izango du, 15 urtegaz erbesteratutako emakume durangarra gogora ekarrita. Durangoko Liburutegia ostera, Bixenta Mogel deituko da, euskaraz idatzi zuen lehenengo emakumearen omenez. Gaur goizean Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Pilar Rios alkateordeak kale-izendegian izan den "diskriminazio historikoarekin" amaitzeko urratsa eman dutela azaldu dute.

Durangoko Berdintasun Kontseiluak parte-hartze prozesu baten bidez herriko kale-izendegian emakumeen izenak barneratzeko ekimena jarri zuen martxan duela urtebete. Hainbat izenekin osatuta zerrenda aztertu ostean, Aurora Abasolo, Benita Uribarrena eta Bixenta Mogel izan dira aukeratu dituzten hiru emakumeen izenak.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Aurora Abasolo nazioarte mailan sona handia izan zuen soprano durangarra izan zen (1915ean debutatu zuen), eta horregatik Abasoloren izena Bartolome Ertzilla Musika Eskola ondoko parkeari jarriko diote.

Benita Uribarrenak berriz, 15 urterekin Frantziara erbesteratu beharra izan zuen. Bigarren Mundu Gerran Frantziako erresistentzian parte hartu zuen. 52 urtegaz Durangora itzuli zen. Pilar Rios alkateordeak azaldu duenez, Gerra Zibilean borrokatu zuten emakumeen "sinbolo moduan" hartu dute. Uribarrenaren izena jarriko diote Arte eta Historia Museoaren lorategiari. Azaldu dutenez, kontuan hartu dute lorategi honetatik oso gertu Nevers ikastetxea dagoen lekuan, l1936ko Gerran emakumeen gartzela egon zela.

Bixenta Mogel markinarra euskaraz idatzi zuen lehen emakumea izan zela azaldu dute udal ordezkariek. "Mogelek azalpenak eman behar izan zituen emakumea eta idazlea izatearren". Mogelen izena Durangoko Liburutegiari jarriko diote. "Bada garaia errekonozimendu hori egiteko eta injustizia horrekin amaitzeko", dio Irigorasek.

Plaka jartzeko data zehaztu ez duten arren, hiru emakume hauen senitartekoekin harremanetan jarri gura dute ekitaldi horietan parte hartu dezaten. Ildo honetatik, Landako 1 eta Landako 2 kirol instalazioei emakumeen izenak jartzea izango dela hurrengo pausoa aurreratu dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!