Gazteek literaturari eskainitako Ateneoa txokoa aurkeztuko dute Sorginolan

Anboto 2016ko api. 29a, 12:03

Literaturari loturiko askotariko ekintzak burutzeko, zein liburu eta filmak maileguan hartu ahal izateko espazioa atondu dute Durangoko Sorginola Gaztetxean. Ateneoa izenez bataiatu dute, eta gaur, 18:30ean, ipini dute hitzordua proiektua zein liburutegiaren funtzionamendua ezagutu gura duten guztiei aurkezpena egiteko. Gazte literaturzaleen taldea zein Sorginolako liburu eta filmen espazioa bera ere Durangora zabaldu gura dute gaurko ekimenagaz.

Literaturari buruzko mahai-inguru bat ere egingo dute, gaur, 19:00etan, Durangaldeko hiru idazlegaz: Ainhoa Urien, Paddy Rekalde eta Peru Magdalena gonbidatu dituzte Ateneora. Idazleei berbarako gaia emateko, galdera sorta prestatu dute Ateneokoek: sortzaile bakoitzak literaturaren munduan zelako esperientzia bizi izan duen jakin gura dute.

“Kultur arloko zein gazteen aisialdirako alternatibak eskaintzea” gura dute taldekideek, Durangon horretarako beharrizana nabari dutelako. Gazteen ikuspuntutik eta gazteentzat arituko dira.

Talde honen indargunerik handienak parte hartzea eta malgutasuna direla diote Ateneoko kideek: beste norbaitek antolatutako ekintzen hartzaile hutsak barik, proposatu, adostu eta euren intereseko proiektuak martxan ipintzen dituzte Sorginola Gaztetxekoek.  

Espazioa egokitu ostean, hainbat jendek etxetik eramandako liburuak eta DVDak biltzen eta sailkatzen jardun dira Ateneoa proiektuko dozena erdi kide, irailetik. Jendeak Sorginolaren esku utzitako material guztitik, liburutegirako aproposena aukeratu eta ordenatu dute: euskarazko prosaz bete dute apalategi bat, hainbat generotako filmez beste bat, eta bildumentarako atondu dituzte beste hainbat apal. Bibliografiari dagokionez ere, alternatiba izan gura dute: beste inon topatzea zaila izaten den literaturak du lehentasuna Ateneoan.

Gaurkoaren aurretik ere egin izan dituzte ekintzak Ateneoan: ipuin kontalarien emanaldiak eta solasaldi literarioa, kasurako, eta literaturari loturiko askotariko ekimenak antolatzen jarraitzeko gogoz daude: Durangon literatur sorkuntza bultzatzeko ekimenen bat, edo hileroko irakurleen klubak darabiltzate buruan.  

Dozena erdi lagun dabiltza, orain, Ateneoan, baina, taldera batu gura duen edozeinek ateak zabalik dauzkala azpimarratu dute taldekideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!