Hona hemen udalak onartutako adierazpena, osorik:
Gaur, APIRILAK 25, HAURTZAROAREN DEFENTSARAKO ETA HAURRENGANAKO ETA NERABEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO EGUNA da.
Durangoko herritarrekin batera, deia egin gura dugu haurrenganako tratu txarrei buruzko kontzientzia hartzera eta umeen kontrako indarkeria mota guztien kontra lan egitera.
Adingabekoek euren garapen ebolutiboan izan ditzaketen ARAZORIK LARRIENAK dira umeenganako tratu txarrak eta indarkeria. Biolentzia mota guztiak desagertaraztea pertsona GUZTION konpromisoa izan behar da.
Adingabekoen kontrako gehiegikeria eta ardugabekeria egoera askotan ematen da umeenganako indarkeria: tratu txar fisiko eta psikologikoa; abusu sexuala; zainketa falta; arduragabekeria; esplotazio komertziala; edota umeen osasuna, duintasunaren garapena eta biziraupena arriskuan jartzen dituzten bestelako esplotazioak ere badira indarkeria. Genero biolentzia ere zerrenda horretan sartzen da. Umeenganako indarkeria erantzukizun, konfiantza eta botere harremanen testuinguruan ematen da.
Gaur egun, umeen kontrako indarkeria muturreko egoeretara heldu da. UNICEFen arabera, 58 herrialde baino gehiagotan, umeen erdiak baino gehiagok bortxazko tratua jasaten dute etxean eta eskolan. Gainera, Tanzanian, Kenian eta Zimbabwen, adibidez, hiru neskotatik batek eta sei mutikotik batek jasan du abusu sexual motaren bat. Era berean, AEB lako herrialde garatu baten, ia nerabeen % 25ek eta mutilen % 10ek jasan du eraso sexual, abusu, lapurreta edo oldarraldiren bat.
Gainera:
-Munduan,neskato adingabe ezkonduak 14milioi izaten dira urtean.Horrek esan nahi du, egunean 39.000 neskato ezkontzen direla.
-Munduan, 2 eta 14 urte bitarteko umeen artean, 10 umetik 6k egunero jasaten dituzte
tratu txar fisikoak.
-Indarkeriak eraginda, ume bat hiltzen da bost minuturo.
-2012an, 95.000 gaztetxo hil zituzten,20 urtetik beherako ume eta nerabeak.
-Somaliako emakumeen % 98ri egin diote klitoriaren ablazioa. Gaur egun, ablazioa 29 herrialdetan egiten da, eta 140 milioi neskatori egin diote. Urtero 2 milioi neskatori egiten diote ablazioa.
-2014an Nigeriako eskola baten bahitutako 219 neskatoek desagertuta jarraitzen dute.
-Gatazka armatuetan ohikoa da emakume eta neskatoen bortxaketa gerra-arma legez
erabiltzea.
Ume eta nerabe guztiek, arraza, sexua, erlijioa edo jatorriari buruzko bereizketarik egin barik, HONAKO ESKUBIDEAK DITUZTE:
-Bizitza, duintasuna, askatasuna, nortasuna, segurtasuna, irudia, osasuna, nutrizioa, higienea, babesa, hezkuntza, etxebizitza, aisialdia, atsedena, kultura eta hizkuntza eskubideak, eta berdintasunerako eskubidea, sexua, erlijioa, etnia edo izaera sozialagatik bereizketarik egin barik.
-Babeserako eskubidea, honako kontuetatik babesteko: abusu sexualak, abandonua, prostituzioa, mutilazioak, gerra, bazterkeria eta esplotazio ekonomikoa.
-Euren familiarengandik eta gizartetik laguntza ekonomikoa jasotzeko eskubidea.
Gainera, umeen eskubideak ere badira indarkeria bako hazkuntza eta hezkuntza. Maitasunean, afektuan, elkar ulertzean, errespetuan eta elkartasunean oinarritutako hezkuntza. Ez da zilegi hezkuntzan zigor fisiko eta umiliagarriak erabiltzea. Hazkuntza eta hezkuntzarako indarkeria bako metodoak erabiltzeko deia egiten da, mina, iraina eta estigmatizazioa saihesteko.
DURANGOKO UDALA umeen eskubideen alde lan egitera konprometitzen da, eta edozein umeenganako indarkeria ekintza irmoki arbuiatzen du.