Gerediaga Elkarteak Elkar Saria jaso zuen atzo 50 urtean egindako ibilbideagatik

Anboto 2016ko api. 22a, 11:21
Gerediagako kideak sariagaz ( Argazkia: @Gerediaga)

Elkar Fundazioak lehenengoz eman duen Ibilbideari Elkar Saria Gerediaga Elkarteak jaso zuen atzo.

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin zuten ekitaldia. 50 urtez Durangoko Azoka antolatuaz egindako lanagatik jaso du saria Gerediaga Elkarteak. Saria eta errekonozimendua “gure lanaren eta esfortzuaren txinparta bizirik irauteko hauspoa da” adierazi zuen Nerea Mugika Gerediagako lehendakariak saria jaso ostean. Saria “50 urteotan etxean izan ditugun eta egun ditugun guztiekin” elkarbanatu zuen.

Honela jarraitu zuen: “Aberatsak gara. Kulturan, historian, ondarean eta ekimenetan. Aberastasun hori ahalik eta gehien zabaltzea da gure eginkizunetako bat. Zabalkuntza horren erroak ahaztu barik, gure izaerari uko egin barik, molde berriak topatuz urteoro. Atzera begiratuz aurrera egiten gabiltza. Behar duenari laguntzeko, behargunean laguntza bilatzeko, akuilu lanak egiteko, besteak ikusteko, ikasteko, konpartitzeko eta, nola ez, lan egiteko prest. Hasierakoek, elkartea desagertzeko arriskua zegoenean, erakutsi zuten ausardiagaz erronka berriei aurre egiteko gogoz. Ausart, beldur barik. Gure ikusminaren umiltasunetik, txikitasunetik, handi egin izan ditugu, dihardugu, eta egingo ditugu zenbait ekimen hasierakoen izaera galdu gabe. Durangaldean dauzkagun edo izan ditzakegun beharrei erantzuna ematen jarraituko dugu, betiko ezaugarriei muzin egin gabe, noski. Guzti hau kontuan harturik egingo dugu aurrera. Pertsona desberdin mordoa baturik, esperientzia eman eta esperientzia bizitzeko topagunea eginez, guzti hau, Gerediaga Elkartean”.

Elkar-entzat izan ziren azken berbak: “1972an sortu zenuten euskal liburu eta kantuen argitaldaria. Gure antzera, euskal kulturaren inguruko hainbatek. Zuen ibilbideak ere badu gurearen antza hainbat arlotan”. Mugikak eskerrak eman zizkien: “Ez saria ematen diguzuelako bakarrik ez, sari honen parte ere bazaretelako”.

Nerea Mujika, atzoko ekitaldian (Argazkia: @Gerediaga eta @elkar)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!