Tabirako igerilekuetako zelaia handituko dute 59.000 eurogaz

Anboto 2016ko api. 21a, 15:43
Mari Jose Balier zinegotzia eta Aitziber Irigoras alkatea, artxiboko irudian.

Durango Kirolak erakunde autonomoak egindako proposamena osoko bilkuran landu zuten, eta EAJ, PSE-EE eta PPren babesa jaso zuen, ez ordea EH Bildu eta Herriaren Eskubidearena.

Tabirako kanpoko igerilekuetako zelaia handitzea erabaki du udalak, eta obra hori burutzeko 59.000 euro erabiliko ditu. Iazko udan, edukiera bete egin zen egun batzuetan, eta jendea sartu ezinik edo ilaran geratu zen.

Goiztidi Diazek (EAJ) azaldu du hile bi falta direla uda sasoirako, eta neurria orain hartzea beharrezkoa dela. “Durangok bere instalazioak ondo egotea merezi du”. Pilar Riosen arabera, “jende askok erabiltzen ditu igerilekuak”, eta beharrezko neurria da. Fran Garatek ere arrazoi bera ikusten du.

Iker Urkizaren (EHB) iritziz, beste lehentasun batzuk daude: “59.000 euro gastatuko dira, birritan bete zelako. Akaso ez da hain beharrezkoa”. Gainera, udala plan orokorra lantzen hasiko denez, horri itxarotea eskatu du. Julia Pererak (HE) zalantza agertu zuen, beharrezko ikusi arren: “Zelaia handituko da, baina igerilekuak eta aldagelak ez. Zalantza sortzen digu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!