“Hainbeste ahalegin egin eta gero, diseinatu dudana bezeroak gustuko duela ikustea itzela da”

Anboto 2016ko api. 20a, 09:05

Arkitektura ikasketak utzi eta moda munduan abentura berri bati ekin zion Laura Bilbao diseinatzaileak. Moda ikasketak egin eta gero, denda zabaldu du Durangoko Artekalea kalean. Bere berbei ilusioa darie.

Arropa diseinatu eta denda zabaltzeko proiektua zelan sortu da?
Moda ikastea erabaki nuenean, zeremonia-jantziak sortzeko joera nuela konturatu nintzen. Dendetan saltzen ziren arropak ez zitzaizkidan bat ere gustatzen. Nire amak ezkontza bat zuen bakoitzean, gustuko arropa topatzea oso zaila izaten zen. Ematen du mozorrotuta joan behar duzula. Ezkontza batera joateko erosten duzunak ezkontzarako bakarrik izan behar duela dirudi. Horrela, gelan egiten nituen lanak ideia horretara bideratu nituen: ondo jantzita joateko, baina gero, beste momentu batzuetan jantziko duzun arropa izan dadila.  

Zerk bultzatu zintuen arkitektura utzi eta modaren munduan lehenengo pausoak ematera?
Oso gustuko dut arkitektura, baina arkitekto izatea ez. Ingeniaritza karga handia du, eta hori ez dut gogoko. Niri benetan gustatzen zaidana diseinua da. Arkitektura uztea erabaki nuenean, kaos momentu bat izan nuen, ez nekielako zer egin. Lanbide Heziketako modaren inguruko modulu bat egitera bideratu ninduten Barakaldon, eta bide horri ekin nion. 

Negozio bat zabaltzea ez da erraza izango.
Egia esan, gogorra izan da. Enpresaria izatea gogorra dela esaten dizuten arren, sartu arte ez dakizu zenbateraino. Oztopo piloa jartzen dizute. Gustuko nuen lokala ikusi nuen, eta proiektua martxan jartzea erabaki nuen. Negozioa bera alde batera utzita, alde burokratikoa da zailena. Negozioa bera, aurretik ezagutzen nuen, arropa saltzailea izan bainaiz urte askoan.  

Eta negozioa zabaltzearen alde positiboa, zein izan da?
Ideia ilusio handiarekin hartu dute. Uste dut Durangon gustuko dutela, eta hori oso betegarria da. Bezeroarekin duzun hartu-emanean konturatzea, hainbeste ahalegin eta gero, diseinatu dudana gustuko dutela ikustea itzela da.

Getxoztarra izanda, zergatik erabaki duzu denda Durangon zabaltzea?
Getxokoa naiz, baina nire bikotekidea durangarra da. Uztailean hona etorri ginen bizitzera. Leku atsegina da bizitzeko, eta proiektuak hemen funtzionatu zezakeela iritzi nion.

Dendan salgai duzun arropa guztia zuk diseinatutakoa da?
Ez, estatuan ekoiztutako markak ere ekartzen ditut. Gura dudana da ondo egindako kalitatezko arropa saltzea. Jendeak dituen beharrak ikusten ditut eta kolekzioetan sortzen diren hutsuneak betetzen saiatzen naiz.

Denboraldi osoan ekartzen duzu arropa?
Bi hilerik behin Madrilera bidaiatu, eta arropa aukeratzen dut. Beraz, denboraldi guztian ekartzen dut arropa berria.

Nola diseinatzen duzu?
Dendan diseinatzen dut. Patroiak egiten ditut, eta hornitzaile katalan bati telak eskatzen dizkiot. Nik neuk josten dut hemen, eta gauzarik konplexuenak jostun bati eramaten dizkiot.

Ezkontzako soinekorik diseinatu duzu?
Nire lagunik onenaren ahizpari ezkontzako soinekoa diseinatu nion. Esperientzia oso polita izan zen. Urduri nengoen, erantzukizun handia zelako, baina, azkenean, oso ondo irten zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!