Gaurtik aurrera Tabiran ere geratuko da Mañarira doan autobusa

Anboto 2016ko api. 18a, 11:11

Arriluzea kalean, egunean hirutan geratuko da autobusa norabide bakoitzean, handik pasatzen den aldietan hain zuzen ere. Udalak duela hilabete hartu zuen erabakia osoko bilkuran, eta Aldundiagaz adostu ostean, proposamena egi bihurtu da.

Mañaria-Bilbo lineako autobusak Tabiran geraleku berria dauka gaurtik aurrera. Mañaritik 06:40ean, 07:40ean eta 14:40ean irtengo da, eta Bilbon 15:30ean, 18:30ean eta 19:30ean. Horrela, Tabirako bizilagunek Bilbora joan ahalko dute zuzenean, ordutegi horretan, eta Landakoko anbulategira joateko beste aukera bat edukiko dute.

EH Bilduko auzo batzar batean irten zen proposamena, eta koalizioak osoko bilkurara eraman zuen. Udaleko gobernu taldea Aldundiagaz hartuemanetan ipini zen, eta gaia bideragarria zela ikusi zuten. Azken egunetan geralekua margotu dute errepidean, eta zerbitzua martxan dago.

Udalak prentsa oharra bidali du ekimenaz informatzeko, eta Aitziber Irigoras alkateak, Aldundiak eta udalak gaiari emandako "erantzun bizkor eta baikorra" nabarmendu du. Pilar Ríos alkateordeak, bere aldetik, neurriagaz garraio publikoaren erabilpena sustatuko dela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!