Jose Martin Urrutia Txotxe zuzendariak azaldu duenez, areto barruan antzezteko, lana “fintzen” ibili dira Karrikako kideak, urte hasieratik hona. Arte Eszenikoen arloko profesionalak gonbidatu dituzte lana baloratzera, zuzendariak azaldu duenez, eta iritzi horiek aintzat hartuta, hainbat moldaketa egin dituzte.
Urrian estreinatu zuten kale antzezlanarena da asteburu honetan estreinatuko duten lanaren muina, baina “dramaturgiari indar eta epika gehiago eman” diote. Munduaren eta kulturaren ikuskera merkantilistagaz bat ez datorren antzerki konpainia bat da protagonista. Krisi ekonomikoaren aitzakian, egoitza daukan antzokitik bota gura dute taldea, baina erresistentzia agertuko dute kideek. Antzerkiari eta kulturaren egoerari buruzko obra da, eta Medea klasikoaren testu zati batzuk ere baliatu dituzte gidoian.
Kalerako bertsioan bezala, eszenan hamabi aktore egongo dira San Agustingo emanaldian ere, baina pertsonaiak ere moldatu dituzte azken hilabeteotan.
Durangoko estreinaldiaren ostean, maiatzean, Debako Antzerki Astean eskainiko dute Zapoi, eta aurrerantzean ere ahalik eta oholtza gehienetan eskaintzea da Karrikaren asmoa.