Durangoko Udalak Uda Topera programa prestatu du gaztetxoentzako

Anboto 2016ko api. 13a, 17:21

Apirilaren 18tik 26rarte egongo da zabalik izena emateko epea.

Durangoko udalak, "Uda Topera" programaren edizio berri bat antolatu du 3 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteentzat zuzenduta Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izena emateko epea apirilaren 18tik 26rarte egongo da irekita. Plazen zozketa maiatzaren 3an egingo da, eta emaitzak Pinondo etxean jarriko dituzte.

Aurtengo ekitaldirako hainbat ekitaldi aurreikusi dira. 3-5 urte bitarteko umeentzat Txiki Txoko antolatu dute. 6-10 urte bitarteko umeentzat Hiri Kanpamendua egongo da. 11-14 urte bitarteko gazteentzat Abentura egongo da. Azkenik, 8-14 urte bitarteko umeentzat Ingelesez Olgetan egitasmoa prestatu dute. Ekintza guztiak astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara izango dira.

Egitasmo hauen tarifak asteengatik ordainduko dira. Durangon erroldatutakoek, 45 euro ordaindu beharko dute aste batengatik, 80 euro aste bigatik, 110 euro hirugatik eta 130 euro lau aste guztiengatik. Aldiz, Durangon ez erroldatuen tarifa 55 eurokoa izango da aste batengatik, 100 eurokoa aste bigatik, 140 eurokoa hirugatik eta 175 eurokoa lau aste osoengatik.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!