Izarrak elkarteko Asier Jaio izango da hizlaria. Pinondo etxeko azken solairuan izango den hitzaldia 19:30ean hasiko da.
Ameriketako Estatu Batuetako LIGO Behatokiak grabitazio-uhinak historian lehenengoz atzematea lortu zuela jakinarazi zuen otsailean. Mundu osoko hedabideek eman zuten aurkikuntzaren berri. Orain arte, kosmosaren ezagutza argitik —bere uhin zabalera desberdinetan— ateratako informaziora mugatzen zen. Grabitazio-uhinen aurkikuntzak bide berriak irekitzen ditu kosmosari buruz dakigunean sakontzeko.
Grabitazio-uhinak espazio-denborako bibrazioak dira. Unibertsoko jazoera indartsuenek, uhin horien bidez, beren masa zati bat energia forman askatzen dutela iragarri zuen Albert Einsteinek Erlatibitate Orokorreko Teorian. 1916an izan zen, orain ehun urte. Besteak beste, bi zulo beltz fusionatzen direnean edo izar bat supernoba batean lehertzen denean sortzen dira uhin horiek. Fenomeno horiek lurretik oso urrun gertatzen direnez, hemendik haiek atzematea ezinezko zela uste zuen Einsteinek, lurrera heltze zirenerako hautemanezinak izango zirela. Baina LIGO Behatokiak ezinezko zirudiena gauzatu du.