Konplimendu hutsak baino gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Agustin Ruiz Larringan

Beharbada, 28 urteren ondoren, iurretarrak gurekin gogaituta izango dira. Iurretako Udalak urtero-urtero Emakumeen Bira egiteko horrenbeste diru ematea ondo ikusten ez duen jendea ere egongo da.

Beste jende askok zapladatxoa lepoan eman eta itzelezko meritua dugula esaten digute, horrelako ekintza bat antolatzea handia baita. Baina ordua iristen denean, tristurak hartzen gaitu ikusten dugunean betiko lagunak direla irteera eta helmuga inguruan lasterketako protagonistak ikustera hurreratzen direnak.   

Penagarria da guretzat ikustea gure herria dela lasterketaren inguruan zale eta ikuslerik batzen ez duen bakarra. Pena hartzen dugu ikustean herritarrei berdin diela zerbait garrantzitsua izatea zein ez izatea, euren etxean bertan; esker txarrekoak direla uste dugu.

Behin baino gehiagotan komentatu dugu lankideon artean Iurretako herriak ez duela merezi eskaintzen dioguna. Jakina, eskatu ere ez dute egin, eta, seguruenik, oztoporik baino ez dugu sortuko, ordu batzuetan, kaleak mozten ditugulako eta autoekin garajeetara sartu ezinik ibiltzen direlako.  

Beste alde batetik, badaude harro sentitzen direnak Emakumeen Bira emakume txirrindularien munduko lasterketarik hoberenetarikoa izateagatik. Nahi nuke konplimendu hutsa besterik ez izatea, eta hurreratu daitezen lanera. Horixe baita gura duguna, laguntasuna eskaintzen datorren jendea, hain zuzen ere.    

Amaitzeko, jakinarazi gura dizuet, azken finean, kosta ahala kosta, guk eutsi egingo diogula. Beraz, inorekin zorrik ez dugunez, kito.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!