Martxoak 31

Jimi Jiménez: “Ez dugu sekula Durangoko hilerriko hobi komunak ikertzeko eskaerarik jaso”

Anboto 2016ko api. 1a, 10:45

Gerra Zibileko hainbat gertaeraren lekuko diren gorpuek lurpean jarraitzen dute oraindik. Jimi Jiménez, Aranzadiko kidea eta arkeologia forentsean espezializatua, Durangaldeko aurkikuntza gehienetan aritu da lanean.

Aranzadik Durangoko hilerriko hobi komunak ikertzeko, zer egin beharko litzateke?
Aranzadik ikerketa bat abian jartzeko, eskaeraren bat jaso beharko luke. Ez dugu sekula horrelako eskaerarik jaso, ez partikularren aldetik, ezta instituzio publikoen aldetik ere. Hala ere, leihoak zabalik jarraitzen du. Gogoratu beharra dago Eusko Jaurlaritzaren eta Aranzadiren artean hitzarmena sinatu zela, 2003an. Lehendakariak egindako deklarazio baten bidez, edozein herritarri aitortzen zaio desagertutako pertsona baten edo enterramenduen lokalizazioen  inguruko informazioa emateko aukera. Era berean, Gerra Zibilaren edo frankismoaren ondorioz desagertu edo hildakoen inguruko ikerketa eskatu daiteke.  

Nola liteke, hilerri batean bi hobi komun egon litezkeela ziurtatzen duten hainbeste zantzurekin, orain arte ikerketarik ez egin izana?
Arraroa da, bai. Testuingurua kontuan hartu behar dela uste dut. Politikoki zonalde kontserbadorea izan da. Era berean, Durangoko bonbardaketa, urte askoan, errekonozimendu ofizialik gabe egon dela ere kontuan hartu behar dugu. Diktadura sasoian, bonbardaketa propagandarako erabili zen, eta trantsizioan ahots asko isilarazi egin ziren.

Otxandioko bonbardaketan antzeko zerbait gertatu zen?
Otxandioko bonbardaketaren biktimarik gehienak umeak eta emakumeak izan ziren. Gerrako lehenengo egunetan gertatu zen, eta gehienak otxandiarrak ziren. Hala ere, identifikatu ahal izan zituztenak familiarteko hobietan lurperatu zituzten,  eta gainerakoak hobi komun batean. Han ere ez da sekula ikertu.

Udalak bonbardaketako biktimei omenaldia egiten dien hilerrian, ikertu ez diren hobi komun bi egon ahal izatea bitxia da.
Hilerrian, biktimen omenez plaka eta oroigarri bat dago, baina besterik ez. Orain arte, inork ez du galdetu non ote dauden identifikatu gabekoak, beraien senitartekoei entregatu ezin izan zaizkien biktimen gorpuak.

Duragaldean, beste hobi komun batzuk ere egon daitezke?
Saibigainen, arrasto batzuk aurkitu zituztela-eta, Aranzadin salaketa jarri zuten. Baina, ez dugu informatzailerik izan, leku zehatzen bat markatu dutenak. Mendia bera memoria lekua da, berez. Bizkargi edo Solluberen antzera. Larrabetzun ere, borrokalarien arrastoak agertzen ari direla ikusten ari gara. Ziurrenik, Bilboren kontrako ofentsibaren azken egunetan hildakoak dira.

Zornotzan, gudari baten gorpuzkiak lurpetik atera dituzue.
Identifikazio zenbaki bat zuenez jakin ahal izan genuen gipuzkoarra zela, eta bere familia aurkitu ahal izan genuen. Ganzabal mendian izan zen, Euban gora. Eubaren inguruan ere hainbat abisu jaso ditugun arren, ez ditugu gehiago aurkitu.

Borrokalari hauek nork lurperatzen zituen?
Kasu askotan, inguruko baserritarrak izaten ziren. Kontuan izan, maiatzaren amaiera, ekainaren hasiera zela. Tenperaturak igotzen ari ziren. Usain txarren eraginez, inguruko baserritarrak ardura hori hartzen hasi ziren. Bestalde, orduko agintariek baserritar asko gorpuak hilobiratzera behartu zituzten.

Durangaldetik kanpo, non egin duzue azterketarik gehien?
Markinan, Elgoibarren eta Elgetan, gerrako frontearekin lotuta. Zigoitian, Azkoitian, Lemoan, Larrabetzun edo Galdamesen ere egin ditugu ikerketak. Elorrion ere badaude  soldaduen lokalizazio batzuk. Obraren bat egingo balitz, urgentziaz egingo litzateke, baina eskaerarik ez izatera, ez gara horretara heldu. Informazioa jasotzen dugu, eta Eusko Jaurlaritzaren mapan kokatzen ditugu. Kasu askotan, ikertzen jarraitzeko prozesua udalek sustatzen dute.

Durangaldeko beste gorpuzkirik aurkitu duzue?
Mateo Markoida Arrazolako gizon bat bilatzen jarraitzen dugu, Arrietan, Solluberen magalean. Pertsona horren bila joan ginen bere arreba oraindik bizi zelako. Lurperatu zuenak gudariaren izena ezagutu zuen, aldean zeraman identifikazioagatik. Beraz, lana hasterakoan, bagenekien noren bila genbiltzan. Baina, paraje osoa aldatuta dago orain, eta ezin izan ditugu bere gorpuzkiak aurkitu.

Durangaldean, hobi komun gehiago egon daiteke?
Aranzadin, Durangaldetik ez da abisurik izan. Beraz, ez da askorik ikertu. Gerra amaituta, herrietara sartzean tropa frankistek eragindako errepresioaren ondorioz, Durangon hobi komunak egon behar dira. Tropek helburu argia izaten zuten herrietara sartzen zirenean: arerioa bilatu eta hiltzea. Tropak sartzerakoan, Gipuzkoan, esate baterako, errepresioa berehalakoa izan zen. Bizkaian beranduago sartu ziren arren, jende askok ez zuen alde egin, ez zutelako ezer egin eta ez zutelako ihes egiteko arrazoirik. Hala ere, errepresioaren biktimak izan ziren. Gertaera horiek ez daude aztertuta. Horrek ez du esan gura ez denik existitzen. Seguru asko, ikertzen hasiz gero, datu gehiago azaleratuko lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!