Martxoak 31

Durangoko hilerriko hobi komunetan 84 lagun lurperatu zituzten, eta aitortzarik jaso barik segitzen dute

Anboto 2016ko api. 1a, 11:11
Jon Irazabal, hilerriko hobiak dauden lekuan, ANBOTOko kazetariekin. Argazkia: Lehior Elorriaga

Bonbardaketaren eraginez eta eraso gehiagoren beldurrez, bi hobi komun egin eta 84 lagun bertan lurperatzea erabaki zuten.

Durango. 1937ko martxoaren 31. Goizeko 08:30ak. Mola jeneral faxistaren aginduz, Italiar Aviazione Legionariako hegazkinak Kurutziaga kaletik sartu, eta Alde Zaharra gupidarik barik bonbardatzen hasi ziren. Jende ugari zegoen kalean, Andra Mariko elizpean merkatu eguna zen eta. Gainera, mezan ere eliztar asko zeuden. Zerutik infernua zetorren. Bonbek mina, kaltea eta izua eragin zituzten. Eraso gehiagoren beldurrez, hildakoak ahalik eta arinen altxatu eta hilerrira eramaten hasi ziren. Batzuk familiako panteoietan sartu zituzten, eta beste 84, bi hobi komunetan. Hobiak hantxe daude gaur egun ere, omenezko ikur barik oraindik.

Hamarkadetan zehar egondako informazio faltagatik bereiztu izan da Durangoko bonbardaketa. Informazio hori lortu eta argitaratzeko lan handia egin du Gerediaga elkarteak, eta Jon Irazabal ikerlariak eraman du lema. Hobien gaia aztertzeko asmoz, Irazabalegaz batera hilerrira bildu da ANBOTO. Sarreratik gertu dago hobien eremua; atetik sartu, beherantz metro batzuk egin eta ezkerretara.

Hobiak egitearen ideia momentu larri hartako berehalako neurri bat izan zela azaldu du Irazabalek: “Hildako piloa zegoen, eta ez zekiten non zeuden etsaiak. Zulo bi egin eta bertan sartu zituzten hildakoak, beste edozein gerratan lez”. Iragarpena asmatu zuten: arratsaldean bertan, berriro bonbardatu zuten Durango, eta hilerrirantz zihoan jendea metrailatu ere bai. Apirilaren 2an eta 4an jarraitu zuten erasoek, eta amaierako balantzea ikaragarria izan zen: 336 pertsona hil ziren.

Lurperatzaileak esana
Elkarren ondoan daude hobiak. Irabazabalen berbetan, orduko lurperatzaile izan zenak esanda dakite zein den eremua. Lur gainean, erabili bako espazio bat igartzen da, baina ez dago bestelako argibiderik. Batallón Otxandianoko hildako batzuk ere badaude bertan, eta euren omenezko plaka bat egon zen denbora batez, norbaitek kendu arte. Gaur egun, plaka horren ordezko bat kaperako momumentuaren alboan dago.

Leizaola lehendakariaren sasoiko Eusko Jaurlaritzak erasoen ondorioz Durangoko hilerrian lurperatutakoen zerrenda bat publikatu zuen, eta han ageri dira bi hobietan dauden 84 pertsonen erreferentziak. Batzuen kasuan izenak datoz, beste batzuenetan miliziano zenbakiak, eta zenbait identifikatu ezinik ere ageri dira.

“Duintasuna eman”
Hobietan lurperatuta daudenek errekonozimendua behar dutela uste du Irazabalek: “Duintasuna eman beharko litzaieke, hilarri edo oroigarri komunitario bat  gainean sortuta”. Hala ere, ikerlaria ez da lurra arakatzen hastearen aldekoa, besteak beste, zati baten gainean hilobi berriak egin direla uste duelako: “Topatzen hasiz gero, baliteke beste hobi batzuen azpian egotea”. Bere iritziz, “udalak ez luke espazio hori hilobi gehiago sortzeko erabili beharko”.

Gobernuen erantzukizunaz
Bonbardaketaren biktima izan zirenen errekonozimenduaz aparte, erasoaren egileen ardura ere mahai gainera atera izan da azkenaldian. 2012an, Durango 1936 elkartearen mozio baten bidez, bonbardaketaren erantzukizuna onartu eta barkamena eskatzea exijitu zien udalak Espainia eta Italiako gobernuei, Alemaniak Gernikagaz aitortza egin baitzuen. Iaz ere gai bera irten zen udalean, eta, momentuz, jaso duten erantzun bakarra Italiako kontsularena izan da: ez dela bere eskumena eta enbaxadara igorriko duela. Bestalde, Bartzelonako Udalak lez, egileen aurka kereila bat jartzeko proposamena egin zuen EH Bilduk, baina, momentuz, ez dira adostasunera heldu udalean.

Irazabalen iritziz, italiarrek eta alemaniarrek –bonba batzuk eurenak ziren– “egindakoa aitortu eta barkamena eskatzea ondo egongo litzateke”. Baina ardura handiagoa ematen dio Espainiari, eta kritikatu du armadaren sektore batzuek “oso harro” azaltzen dutela egileen oinordekoak direla. “Espainiar Gobernuak, armadaren agintari lez, Durangon zerbait egiteke daukala uste dut”, esan du Irazabalek.

Kontrara, Italiako enbaxadan omenaldia egin zieten bonbardaketaren egileei, eta udalak publikoki salatu zuen.

Argitara atera
Isildutako informazioa eta errekonozimendua argitara ateratzeko lanak aurrera jarraituko du. Sakonago ikertzeko dago, adibidez, inguruko herrietan edukitako eragina. Elorrion, hamar lagun hil zirela jaso izan da.

 

Ehorzketen Liburuan falta diren orrien misterioa

Gerra Zibila irabazi zutenek Durangoko bonbardaketa ukatu eta isilarazteko ahaleginak egin zituzten. Adibidez, egun horietan hildako inor ere ez zuten erregistratu epaitegiko liburuetan. Gainera, ospitaleko dokumentazioa desagertu egin zen, eta Hilerriko Ehorzketen Liburuan ere egun horretako orriak falta dira. Kasu horri lotuta, luzaroan, frankistei egotzi izan zaie orriak kendu izana. Baina, ez da datu fidagarririk egon, eta misterioak bizirik dirau.

Hori gutxi ez, eta misterioa handitzen duen ikuspegi berri bat plazaratu du Jon Irazabalek: “Beti esan izan dugu orriak frankistek kendu zituztela bonbardaketa ukatzeko, baina ikusita, gero, pertsona batek dokumentu horien transkripzio bat ekarri zuela, baliteke Jaurlaritzak gorde izana, gero nazioarteko salaketa egin ahal izateko. Momentu honetan ez naiz ausartzen esatera nork kendu zituen”.

Leizaolaren Jaurlaritzak duela hiru hamarkada argitaratu zuen orrietan agertzen zirenen zerrenda, eta horri esker dakigu 84 lagun hobi komunetan daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!