Ekitaldian Aitziber Irigoras alkateak hartu du berba, eta 1937ko martxoaren 31n Durangok "eraso anker eta krudela" jaso zuela gogoratu du. "40 urteko isilune beltza etorri zen gero, diktadorearen krimena ezkutatu nahian". Bonbardaketa gogoratu eta ikertzeko beharra mahai-gaineratu du, eta aurrera begirako mezua ere bai: "Gure indar guztiak batu behar ditugu bakearen eta adiskidetzearen alde. Gure aurrekoei eta ondorengoei zor diegu". Gaur egun gerretatik ihesi dabiltzanak ere gogoan izan ditu Irigorasek, oroimenera ekarriz euskal herritar ugarik bide bera hartu behar izan zutela.
Ekitaldiak kutsu kultural eta erlijiosoa ere eduki du, dantzari eta abeslariekin eta sermoi bategaz.
EH Bildu eta PP barik
Ekitaldia hilerrian egitea gogor kritikatu du Durango 1936 elkarteak. "Kristo gurutziltzatua duen kapera kristau batean egiten zaie omen gerran hildako durangar guztiei, edozein zela euren ideologia: kristauei, ateoei, sinestunei zein sinesgabeei". Bestalde, hildako guztiei omenaldia batera egiteagaz ere ez datoz bat. "Oroitarrian borreroen eta eurek hildakoen izen-abizenak daude, denak batera, nahasita".
Durangoko Udaleko alderdi bik ez dute hilerriko ekitaldian parte hartu. Alde batetik, Eider Uribe EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Durango 1936 elkarteak hilerrian egiten den omenaldiaren inguruan duen iritziagaz bat egiten dute, eta horregatik ez dute inoiz parte hartu. “Ekitaldi kristau bat da”. Arratsaldean bonbardaketan hildakoen alde Gerediagak eta Kriskitinek antolatzen duten ekitaldiagaz bat egiten dutela nabarmendu du Uribek. Bestalde, Fran Garate PPko zinegotziak ere ez du hilerriko ekitaldian parte hartu oporretan Durangotik kanpo dagoelako.