Hori egin zuten Molaren eta Francoren agindupean ari ziren faxistek, hegazkin italiarrek lagundurik, Durangon eta Durangaldean 1937ko martxoaren 31n eta ondorengo egunetan.
Egun horretako ekintza genozida salatzeko eta arbuiatzeko, Durangoko Udala, alkatea buru duela, Durangoko hilerrian dagoen oroitarriaren inguruan elkartzen da urtero, eguerdi aldera, faxistek eragindako gerran hildako herritar guztien aldeko gogo-ekitaldia egiteko.
Hilerrian egiten da ekitaldia. Hilerrian dagoen ermita edo kapera kristau batean, zeinetan oroitarri batean gerran hildako guztien izen-abizenak agertzen diren. Kristo gurutziltzatua duen kapera kristau batean egiten zaie omen gerran hildako durangar guztiei, edozein zela euren ideologia: kristauei, ateoei, sinestunei zein sinesgabeei. Gainera, oroitarrian borreroen eta eurek hildakoen izen-abizenak daude, denak batera, nahasita.
Horrela erabaki du Durangoko Udalak. Horrela proposatzen du Durangoko Udalak denon arteko adiskidetzea eta bakea, kristautasunaren babesean eta erantzukizunak bereizi gabe. Zein da kristauak ez ziren durangarrek merezi duten errespetua? Zein da biktimak izan ziren durangarrek merezi zuten errespetua?
Bada beste kontu bat ere, noiz eskatu behar diegu erantzuleei egin zuten genozidioaren erantzukizun politikoa? Noiz eskatu behar diegu Espainiako eta Italiako Gobernuei eta Armadei egin zutenagatik barkamena eskatzea?
Bestalde, martxoaren 31ero, arratsaldez, herri-ekimenean biltzen gara durangarrok bonbaketen ondorioz hil zituzten durangar guztiak gogoan hartuz, zabaltasunez eta inoren pentsamendu erlijioso edo politiko inposatu barik!