'Aztarnak', Durangoko bonbardaketaren inguruko bideoa ikusgai

Anboto 2016ko mar. 28a, 17:48

Gerediaga elkarteak bonbardaketaren eraginez informatzeko bisita gidatuak antolatzen ditu, eta hor kontatzen dutena zazpi minutuko bideo labur baten batu dute. Bada, Durangoko Zugaza zineman, Elorrioko Arriolan eta Berrizko kultur etxean proiektatuko dute bideoa, programatuta dauden pelikulen aurretik.

1937ko martxoaren 31n, Durango eta inguruak bonbardatzen hasi ziren faxistak, Italiako Aviazione Legionariaren hegazkinekin. Egun gutxiren buruan, 330 hildakotik gora eragin zituzten, eta Durangoko eraikin ugari suntsitu ere bai. 79. urtemuga beteko da aurten, eta Gerediaga elkarteak eta udalak gertakari haiek gogoratzeko ekintzak antolatu dituzte, “oroimen hori bizirik mantentzeko asmoz”, Aitziber Irigoras alkatearen esanetan. Nobedade lez, bonbardaketak utzitako aztarnak zinemetan erakutsiko dituzte.

Zugazan eta Arriolan eskainiko dute bideoa, eta Berrizen apirilaren 8ko asteburuan. Gainera, apirilean zehar Durangoko Sorginola gaztetxean eta Sapuetxen ere ikusi ahal izango da.

Aztarnak zuzenean ezagutu gura dituztenek, ostera, aukera bi edukiko dituzte: apirilaren 2an, 17:30ean (gazteleraz) eta 3an 11:30ean (euskaraz).  Bisitak doakoak dira, baina izena ematea eskatu dute 94 681 80 66 telefonoan edo gerediaga@gerediaga.eus helbidean.

Errefuxiatuak berbagai
Martxoaren 31n, 12:00etan, Gerra Zibilaren biktimei omenaldia egingo diete hilerrian.  20:00etan, bonbardaketan hildakoak izango dituzte gogoan Gerediaga eta Kriskitinek. Erasoaren lekuko batek lore eskaintza egingo du, eta Yoko Out musika talde durangarrak Xabier Amurizak eta Ander Ertzillak sortutako abestia joko du.

Bestalde, gaurko gerretako errefuxiatuek bizi izan duten egoera aztertuko dute mahai-inguru batean, apirilaren 1ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!