Negu beroaren erruz, "nahi baino arropa gehiago" egongo da asteburuko Aukera Azokan

Anboto 2016ko mar. 15a, 10:32

Dendak Bai elkarteak antolatuta, XI. Aukera Azoka ospatuko da asteburu honetan Landako Gunean. 19 komertziok eskainiko dituzte beherapenak, aurten eta aurreko denboraldietan soberan geratutako produktuetan. Milaka lagun batzea espero dute barikutik domekara bitartean.

Azokaren aurkezpenean Inma Bardezi eta Javi Arrieta egon dira, Bardezi eta Sylke arropa dendetakoak, hurrenez hurren. Azken asteak gogorrak izan arren, Bardezik gogoratu du negu beroa egin duela, eta horregatik, arropa dendetan “sasoi gaitza” izan dela. Ondorioz, aurtengo arropari dagokionez "nahi baino gehiago" geratzen zaiela azaldu du Arrietak.

Arropa bezala, beherapen handiekin lortu ahalko dira beste hainbat produktu ere. Hainbat sektore egongo dira: kirol moda, oinetakoak, optikak, burdindegiak, autogintza... Erosketak egiten dituztenen artean zozketak egingo dituzte gainera. Plateruena, Akebaso eta Kobika jatetxeetarako menuak zotz egingo dituzte, hain zuzen.

Barikutik domekara
Barikuan eta zapatuan 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik azoka. Domekan, ostera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Antolatzaileek umeentzako ludoteka eskainiko dute, eta ipuin kontalaria eta poneyak ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!