Etxegabetzeak saihesteko protokoloa martxan ipiniko dute Durangon

Anboto 2016ko mar. 14a, 18:00

Ez ohiko batasun irudi bat eman dute gaurko prentsaurrekoan EAJ, EH BIldu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EEk –PP ez da batu momentuz–, ekimenaren garrantziaren seinale. Protokoloa biharko osoko bilkuran onartuko dute ofizialki.

Etxegabetzeak saihestea da udalaren helburua, eta horretarako pauso batzuk zehaztu ditu. Hain zuzen ere,  prozedurak martxan ez jartzeko adostasuna lortu gura du. Lehenik eta behin, banketxeekin berba egingo du, protokoloaren berri eman eta elkarlana bilatzeko. Etxegabetze prozeduraren bat martxan badago, eteteko eskatuko die, eta aurrerantzean, prozedura bat martxan ipini orduko abisatzea ere bai.

"Fede oneko" kasuetan soilik aplikatuko dute protokoloa; hau da, etxea ordaintzeko errekurtso barik geratu eta iruzurrik egin ez dutenen kasuetan.

Aholku juridikoa
Etxegabetze bat sufritzeko arriskuan dauden herritarrei informazioa, baliabideak eta laguntza emango dizkie udalak. Beharrezko bada, aholkularitza juridikoa eskainiko die, eta banketxeagaz konponbide bat topatzeko negoziatuko du.

Epaitegien abisua
Bestalde, etxetik botatzeko egon daitezkeen aginduen berri ematea eskatuko dio udalak epaitegiari, eta udaltzainek agindu hori jasotzean, udalak zein Amankomunazgoak laguntza emateko dituzten zerbitzuak eskainiko dizkie etxe barik geratzeko arriskuan dagoen herritarrari.

Kaleratzea emana badago, Etxebideko alokairu publikoko etxe bat lortuko diote herritarrari, eta larrialdiko egoera bada, udal jabegoko larrialdietako etxe baten kokatuko dute. Kasuan kasu aztertuko dute prestazio ekonomikoak eman ala ez.

Ez parte hartu, ezta lagundu ere
Udalak ez du parte hartuko ezta lagunduko ere balizko kaleratzeetan. Gainera, parte hartu gura ez duten udaltzain edo beharginak babestuko ditu korporazioak.

Finantza erakundeen jarrera
Finantza erakundeek hartzen duten jarreraren arabera, udalak berrikusi egingo ditu eurekin dituen kontratuak; protokoloa errespetatzen duten erakundeak hautatuko ditu bere jardun ekonomikorako. Kutxabankeko kide da udala, eta horregatik, kaleratzeren bat burutzen badu, "zehaztasun osoz" aztertuko du. Banketxe bakoitzaren jarrera publiko egingo du gobernu durangarrak.

Gizarteagaz lotura
Bestalde, udalak nahitaezko ikusten du gizarte eragileen eta instituzioaren arteko harremana. Horrela, batzorde berezi bat sortuko dute baherrezkotzat joz gero. Kaleratze bat ematean, eragileek deitutako mobilizazioekin bat egingo du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!