50 durangar, nagusien babes eta lagun izateko bolondres

Anboto 2016ko mar. 11a, 15:15

Lopez eta Rosas, ezkerretik hasita bigarrena eta hirugarrena, hurrenez hurren.

Durangoko Udalak eta Gurutze Gorriak Lagunkide programa garatzen dute, bakarrik bizi diren nagusiei laguntza eman eta konpainia egiteko. Uneotan 50 bolondresek parte hartzen dute, beste horrenbeste nagusiren babesle bezala.

Durangon, 1.800 pertsona dira 80 urtetik gorakoak, eta horietatik %20 bakarrik bizi dira. Sarritan, eguneroko gauzak egiteko laguntza behar izaten dute, eta kasu batzuetan, konpainia ere bai. Bada, horiei laguntzen ari dira 50 durangar. Mari Feli Lopezek, adibidez, Trinidad Rosasi laguntzen dio. Barikuetan elkartzen dira, ordu pare batez, paseotxo bat eman eta kafe bat hartzeko.

Gizartea zahartzen doala ohartarazi dute programaren arduradunek. 2013an, durangarren %23,01 zen 60 urtetik gorakoa, eta orain, %23,40. Horregatik, pertsona nagusiei laguntzearen garrantzia azpimarratu dute. Hiru modutan laguntzen diete: era erregularrean, puntualean, eta telefono deiak jasota. Iaz, guztira, 1.522 interbentzio kontabilizatu zituzten.

Herritarrei, programan parte hartzeko deia egin diete. Animatuz gero, 94 465 74 51 (Adinekoen Egoitza) edo 94 681 09 49 (Gurutze Gorria) telefonoetara deitzea eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!