Iraurgi menderatuz, Espainiako txapelketara gerturatu gura dute Tabirako Baqueko gazteek

Anboto 2016ko mar. 13a, 09:00

Tabirako Baqueko gizon zein emakumeen taldeak goi mailan dabiltza, aurten. Emakumeetan, esaterako, nagusiak Euskadiko Nazional Mailako lider daude. Harrobiko jokalariak dira lorpen horren oinarria. Beheko mailetan egindako lanaren ondorioa da, eta junior mailako taldea da horren adibide. Euskal Ligan, lauko finalean sartzeko borrokan dabiltza juniorrak, eta Espainiako txapelketarako sailkapena ere euren eskuetan dute. Bide horretan, partidu garrantzitsu bi jokatuko dituzte etxean, hiru egunen barruan; gaur, 10:00etan, Azpeitiko Iraurgi hartuko dute, eta martitzenean, 20:00etan, Donostiako Easo.

Gaurko norgehiagokak berebiziko garrantzia du. Aranor Iraurgi Espainiako txapelketarako sailkapen zuzena ematen duen bigarren tokian kokatuta dago, eta Tabirako Baquek postu hori kendu diezaioke. Garaipen bateko aldea dago bien artean, eta durangarrek puntu bigatik galdu zuten Azpeitian. Beraz, helburua argia da: garaipena, gutxienez hiru puntuko aldeagaz. Esatea egitea baino errazagoa da, Iraurgi multzoko talderik indartsuenetakoa delako. Julen Berrocal entrenatzailearen ustez, “gure barne joko indartsua aprobetxatzea” da partidua irabazteko gakoetako bat. Aitziber Ardanza, Maiane Aizpurua eta, Olatz Garitaonandiaren ekarpenean oinarritzen da, batez ere, Tabirakoren barne jokoa.

Gizonak liderraren aurka
Gaur, 12:00etan, juniorren partiduaren ostean, gizonen talde nagusiak Valle de Egües liderra hartuko du, etxean. Iskander de Diosek zuzendutako taldea bosgarren dago, baina gertu ditu bere aurretik daudenak.
Partidu honen atsedenaldian, Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute. Tabirako, Zaldua, Anbotopeko eta Berriz taldeetako presidenteek eta Bizkaiko federazioko presidenteak parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!