“Futbolean, beste kulturak ezagutzeko beldurra galdu da”

Anboto 2016ko mar. 13a, 10:00

Hiru urte eta erdi daramatza Austrian David De Paula futbolari durangarrak, eta ez da damutzen Europako liga batera irteteaz

Lezamatik irten eta bigarren B mailako makina bat futbol zelaitan ibili ostean, Europarako bidea hartu zuen De Paulak. Wolfsberger AC talde austriarretik FK Austria Wien historikora. Gaur egun, hantxe jarraitzen du jokalari durangarrak, 31 urterekin futbol mailarik gozoena ematen ari den urteetan.

2012ko udan, Wolfsberger AC talde austriarraren eskaintza jaso, eta onartu egin zenuen. Zelan gogoratzen duzu?
Entrenatzaileak kontaktuan jartzen dira jokalarien agenteekin, eta hauek jokalariak eskaintzen dituzte. Nenad Bjelica entrenatzaile kroaziarrak Wolfsberger bigarren mailatik lehen mailara igo zuen taldea, eta bertan nahi ninduen.

Zelakoa izan zen herrialde berri batera ohitzea?
Ingelesarekin zeozer egiten nuen arren, hasierako hilabeteak apur bat zailak izan ziren. Entrenatzailearekin gaztelaniaz mintzatzeak asko lagundu zidan.

Bjelicak Austria Wien FK-rako bidea hartu zuen, eta bere eskutik eraman zintuen Vienara, 2014an.
Austriako talde gorena da, titulu gehien dituena. Oso erronka polita da elastiko hau defendatzea.

Zelan doa aurtengo denboraldia?
Aurreko denboraldian emaitza txarra lortu ostean, aurten lehenengo hiru postuetan bukatu nahi dugu, eta bide onetik goaz. Momentuan, hirugarren gaude.

Jokalari moduan, posizio ezberdinetan ibili zara azken urteetan.
Nahiz eta hegaleko jokalaria izan azken urteetan, engantxe gisa, zelai erdiko pibote eta karrillero moduan ere ibili naiz. Gustura nago edozein posiziotan.

Beste denboraldi baterako kontratua daukazu Vienarekin, urte bat gehiago luzatu daitekeena. Jarraitzeko gogoz?
Oso gustura nago hemen, eta urte askoan jarraitzea espero dut. Hiru urte eta erdi hauetako pausoaz ez naiz damutzen.

Durangaldeko futbolari gazte asko bezala, Lezamatik pasatu zinen lehen urteetan. Zer gogoratzen duzu urte haietaz?
Oroitzapen on ugari ditut. Gogoratzen naiz, jubeniletan, oso talde polita geneukala. Urte horretan, ohorezko mailako liga irabazi genuen, eta estatuko talde guztien artean egiten den txapeldunen fasera iritsi ginen.  Bilbao Athleticen pasatu nituen urteak ere oso onak izan ziren, taldekide on asko gogoratzen baititut. Sekula ahaztuko ez dudan etapa izan zen Lezamakoa.

Mendilibarren eskutik, Athleticen lehen taldearekin debuta egitera iritsi zinen, Intertotoko CFR Clujen aurkako kanporaketan . Zer sentitzen da San Mamesen jokatzean?
Egun oso politak izan ziren haiek niretzat. Harrobitik ibilitako gazteek aukera paregabea izan genuen kanporaketa hura jokatuta. Tamalez, itzulerako partiduan, penalti jaurtiketetan kanporatu gintuzten. Baina, oso oroitzapen ona daukat San Mamesen jokatu izanaz, une ahaztezina izan baitzen.

Athleticetik Alacanterako bidea hartu zenuen, baina, denbora gutxira, Lemoara itzuli zinen. Zelan gogoratzen dituzu brontzezko mailako urte haiek?
Alacanten ez nuen aukera askorik izan, eta Lemoara itzuli behar izan nuen, berriro hastera. Alacanten playoffak jokatu zituen taldeak, eta nahiz eta minutu gehiago nahi, eta aulkian denbora luzez egon, asko ikasi nuen urte hartan.

Bigarren B mailan urte asko eman dituzu. Lemoan jokatu ostean, Ponferradina taldean eman zenituen hilabete batzuk. Eta bertatik Palentziara. Gustura ibili zinen urte haietan?
Palentziako etapa kirol ibilbideko politenetakoa izan zen. Oso talde apala ginen arren, emaitza oso onak izan genituen. Futbolari moduan, gustura zauden momentuetako bat izan zen hura, taldekide guztiak oso lagunak baikinen.  

Palentziatik Errioxara. Logroñesen ere urte oso on bat burutu zenuen 11 gol lortuta.
Logroñesen urte oso emankorra izan nuen golei eta asistentziei dagokienez, baina ez genituen bete talde modura denboraldi hasieran jarri genituen helburuak.   

Urte askoan ikusten duzu zure burua Austrian, ala hona itzultzea nahiko zenuke?
Oso gustura nago hemen, eta urte asko jarraitzea espero dut. Itzultzeko presarik ez daukat, momentuz.

Athleticen harrobian ibili zinen Ustaritzekin, eta biok eman duzue jauzia Europara, futbol ibilbideari jarraitzeko. Futbolarientzat ate berri bat zabaldu da?
Ekonomia krisiaren ondorioz, Espainian izandako futbolaren krisiak jokalari asko behartu ditu horretara. Beste kulturak ezagutzeko beldur hori galdu da. Kanpoan aukera oso onak daude, gaur egun, etxean lortu ezin diren eskaintzak.

Athleticen denboraldia jarraitzen duzu Vienatik. Zelan ikusten duzu talde zurigorria?
Egia esan, ez nuen espero hain maila ona emango zutenik. Jokalari on asko dituzte, oso talde konpaktua da, erasoko jokoa erakusten dabilena. Bolada on batean dago, eta Europan gauza onak egin ditzake.

Debuta egiteko aukera eman zizun Jose Luis Mendilibar zaldibartarra  ere denboraldi bikaina ari da burutzen, Eibarren.
Pertsonalki, oso oroitzapen onak ditut berarekin. Entrenatzaile ona izateaz gain, pertsona aparta da. Meritu handia dauka aurten lortzen ari denak, aurrekontu txikiagoarekin sailkapenaren aurreneko hamarretan baitauka taldea. Gainera, uda oso gogorra izan zuten, tarte laburra izan baitzuten jokalariak fitxatzeko.

Durangoko zeren falta sumatzen duzu  Vienan?
Azkenean, bizimoduari dagokionez, munduko edozein tokitara egokitu gaitezke, baina familiaren eta lagunen falta sumatuko dugu beti. Oporretan, urtero bueltatzen naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!