“Erabileran itzelezko iraultza lortuko genuke, ditugun aurreiritziak aldatzea lortuz gero”

Anboto 2016ko mar. 12a, 10:00

EHEk antolatutako hizkuntza aktibismoari buruzko tailerra gidatuko du Gemma Sangines (Bilbo, 1970) psikologoak, gaur, Duranogn

Hizkuntza naturaltasunez eta erosotasunez erabiltzeko TELP tailerren sortzaileetako bat eta ‘Irten hizkuntzaren armairutik’ liburuaren egileetako bat da Gemma Sangines. Psikologoa da, eta, orain, EHErekin batera hizkuntza aktibismorako tailerrak prestatu ditu.

Euskaraz dakien ala ez jakin gabe, gaztelaniaz egiten diogu aurrean dugunari. Oso zabalduta dagoen ohitura da hori? Erosoago sentitzen gara?
Gizarte elebidunean bizi garela suposatzen da, baina, ez da horrela: batetik, gaztelania dago, ondorio neutroak dituen hizkuntza. Bestetik, euskara, ondorio neutrorik ez duena: hau da, besteak ulertuko ez digula da gure aurreiritzia, erantzun zakarrak jaso genitzakeela... Interakzio bakoitzean, elebiduna denak erabakia hartu behar du. Horri estres linguistikoa deritzo. Horregatik, askotan, neutralitatearen alde erabakitzen da; ondorio txarrik ez izatea.

Estres linguistiko hori sendatu daiteke?
Sendatu, edo behintzat, gutxitu. Badago zati bat ikastekoa dena: alde psikologikoa. Estres linguistikoa gutxitzeko baliabide psikologikoak daude. Hala ere, hizkuntza normalizatzen ez bada arlo legalean, politikoan, ereduei dagokienez... oso zaila da hiztun normalizatua izatea. Alde psikologikoan egiten dugu lan tailerretan.

Ingurukoen hizkuntza-ohiturak euskalduntzeko, aurretik gureak zuzendu behar ditugu?
Bai. Alde pertsonalean, kognitiboan, gure aurreiritziak zeintzuk diren detektatu behar dugu. Solaskidearen aurrean gaudenean, geure buruari esandakoetan pentsatu behar dugu: adibidez, ‘ez digu ulertuko’, ‘txarto sentituko da’, ‘ez diot erraztasunik ematen’... Aurrez aurre gaudela, pentsatutako hori guztia aldatuta, askoz gehiago hitz egitea lortuko dugu; euskararen presentzia askoz handiagoa izango da. Gizarte moduan, euskararen erabilerari, presentziari dagokionez, itzelezko iraultza lortuko genuke ditugun aurreiritzi horiek aldatuz gero. Gaur egungo portzentaia eskas horiek aldatuko genituzke.

Pauso txikiekin pauso handia eman daiteke...
Ez dakit pauso txikiak diren. Urte batzuk dira hau esaten ari garena, eta ez dakit zenbateko eragina izan duen, zenbatean iritsi den mezua. 2008tik hona, ia 4.000 pertsona pasatu dira TELP (Taller d´Espai Lingüístic Personal) tailerretatik. Baina, erabilera ikertzean, ez da sumatzen aldaketa handirik. Telebista, kualitatiboki, gutxira joan da eredu moduan; hezkuntza-duintasuna ere bai.  Hori oso garrantzitsua da. Ikus daitekeen eredu nabarmenik ez badago, tamaina txikiko pausoak ez dira ikusten, ezin dute eragin handirik izan.

Telebista aipatu duzu.
Oso garrantzitsua da. Duela urte batzuk, politikari batek — kontzientziaduna, abertzalea eta euskaltzalea— telebistan bota zuena jarriko dut adibide lez. Bi minutuz hitz egin ostean, bere burua deseroso ikusi,  eta hauxe esan zuen: ‘bueno, vamos a acabar rápido, que tenemos prisa, y entonces, lo vamos a hacer en castellano’. Hankasartzea izan zen, baina, urteetako lana pikutara bidali duzu hori esanda bakarrik. Horregatik dira horren garrantzitsuak ereduak, eta eredu horiek ikusgarriak izatea. Telebistan agertzen  ez dena ez da existitzen, badakigu.

Hizkuntza aktibismoaren tailerra gidatuko duzu, bihar, Durangon. Zer landuko duzue?
Badaude euren hizkuntzari eutsi gura dioten pertsonak. Horiek, nahiz eta hizkuntza gutxitua hitz egin, ahal duten neurrian eroso sentitzeko tresna psikologikoak dituzte. Pauso bat aurrerago ematean datza hizkuntza aktibismoa: besteengan eragina izatea. Betiko kontraesanetan jausi gabe, eragin efikaza nola lortu landuko dugu; noraino helduko garen eta zer lortuko dugun neurtzen jakitea. Diseinu onak egitea.

Aktibatuta gaude?
Gogo handia dagoela uste dut, gauza batzuk oso eraginkorrak direla, eta oso ondo pentsatuta eta antolatuta daudela, eta beste batzuk ez. Euskararekiko sentsibilizazio handia dago. Beti egon da. Hala ere, orain irudimen handiagoa erabiltzen dela uste dut, eta eragina efikazagoa dela. Ibilbide luzea du egina Eukal Herrian Euskarazek (EHE), eta adibide direla uste dut. Gauza asko egin dituzte, oso aktiboak izan dira. Batzuetan eraginkorrak izan dira, eta beste batzuetan aurkako efektua lortu dute, baina, horretan gabiltza. Nabarmentzekoa dute mobilizatzeko duten eragina, duten sare soziala.

Euskaraz ez dakienarengan eragin dezake horrek?
Hiztun berriari ematen ari garen mezuaz jabetu behar gara. Hamar urtean Euskal Herrian bizi dena ‘kaixo’ eta ‘agur’ esateagatik txalotuz, zein mezu ematen dugu? Hiztun berri bati elkarrizketa bakoitzean esaten badiogu ‘ze ondo, ez zara bertokoa eta euskaraz’...  arraroa den zerbait egiten ari dela esaten ari gara, behin eta berriro. Lehenengoan errefortzu positiboa dena, behin eta berriro esanez gero, zigor bihurtzen da. Normaltzat hartu behar dugu guk zein solaskideak euskaraz egitea. Aldi berean, euskaraz egiteko beharra eragin behar da. Administrazioan, horretan egin beharko lukete lan, baina, hori ez dago gure esku. Hala ere, hiztun moduan, hitz eginda bakarrik euskarak presentzia duela ikusiko du solaskideak, eta guregana heltzeko beharrezkoa ikusiko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!