EH Bildu: “Durangoko Udala bunker burokratiko bat da”

Anboto 2016ko mar. 11a, 10:06

EH Bilduk partaidetzaren inguruko ordenantza bat landu du elkarte eta herritarrekin batera, eta, atzo, udaletxean erregistratu zuen. “Udaleko ateak zabaltzea” gura dute koalizioko kideek. Adibidez, herritarrek kexak aurkezterakoan erantzuteko epe batzuk proposatzen dituzte, eta osoko bilkuretan mozioak aurkezteko erraztasunak ematea ere bai.

Aldi berean, udal gobernuak hainbat dokumentu eman ez izana salatu du EH Bilduk. Koalizioak azaldu du oraindik ez dituztela jaso eskatutako dokumentuak, epaitegiak arrazoia eman arren. Gobernuak 15 egun zeuzkan errekurritzeko, baina EH Bildukoek ez dute horren berririk. Hori bai, errekurtso berri batek udalari diru gehiago suposatuko ziola jakinda, ez aurkezteko eskatu diote. Epaitegiak emandako sententzian, prozesuaren kostuak udalak ordaintzea ezartzen da, eta koalizioak gobernu taldeari eskatu dio ordaintzeko, durangarren diru publikotik egin beharrean.

Iker Urkiza zinegotziaren izenean, hamabost dokumentu eskatu zituzten, batez ere egoera ekonomikoari lotutakoak. Hamalau ez zituzten jaso, eta auzitegira jo zuten. “Udaleko alderdi politiko batek informazio eske auzitegietara jo behar izateak modu argian erakusten digu zer nolako arazoak izaten dituen herritar batek udaletxera informazio eske edo kexa bat jartzera hurbiltzen denean. Durangoko Udala bunker burokratiko bat da”, esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!