Amnistia Internazionalaren datuak aipatuz, udalak salatu du emakume eta ume errefuxiatuek eraso fisiko zein sexualak eta esplotazioa pairatu izan dituztela Europara eginiko bidaian zehar. 51 milioi lagunek erabaki dute gerretatik ihes egitea, eta 2015ean ia 6.000 pertsona hil dira Mediterraneoan. 10.000 adin txikiko bidaia horretan desagertu egin direla ere esan dute. Espainiako Gobernuak, 854 errefuxiaturi babes emateko programa onartu zuen, eta Durangoko UDalarentzat, "kopuru hori tamalgarria da". Hori dela-eta, errefuxiatuak hartzeko konpromisoa agertu du, batez ere emakume eta umeak.
Horretaz aparte, etxera begira, "emakume eta gizonak aske biziko diren Euskal Herri baten alde lan egiteko konpromisoa" hartu du udalak. Konpromiso horren baitan, indarkeriaren aurka egitea, herriko elkarteekin elkarlana bideratzea eta berdintasunaren aldeko udal politikak garatzea kokatu dituzte.
Gaur, martxoak 8, manifestazioa egingo da Plataforma Feministak deituta, eta udalak babestu egin du. Santa Ana plazan hasiko da, 19:00etan.