Hizkuntza aktibismoari buruzko tailerra antolatu du EHEk

Anboto 2016ko mar. 3a, 17:51

Martxoaren 12an izango da tailerra, Ibaizabal ikastolan, 10:00etatik 18:30era bitartean –bazkaltzeko atsedenaldiagaz–. Izena emateko epea domeka honetan amaituko da; durango@euskalherrianeuskaraz.org helbidera idatzi ahal da, edo 655 719 539 telefonora deitu ere bai. Lekua mugatua dela esan dute.

Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko deia zabaldu du EHEk, eta norabide horretan, hizkuntza aktibismoari buruzko tailerra antolatu dute, Durangon. “Bada garaia, jarreretan soilik zentratu baino, jokabide aldaketetan zentratzen hasteko”, esan dute.

Baliabideak
Tailerraren bidez, hainbat baliabide eskainiko dizkiete euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten dutenei, "hizkuntza praktika sumisoak" gainditzeko helburuz. Beraz, erdaldunekin edo euskara ez darabiltenekin egotean, euskara menpeko ez bihurtzeko tresnak dira. Gainera, baliabide horiek era kolektiboan lantzeko aukerak ere aztertuko dituzte. Gemma Sangines psikologoak gidatuko du saioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!