Albert Botran: “Prozesu katalanaren arrakasta herritarren iniziatiban dago”

Anboto 2016ko mar. 3a, 11:27

Parlamentari izateaz gainera, bozeramaile ere izan da, sarri, Botran.

Durangoko EH Bilduk partaidetzaren inguruko udal ordenantza bat landu du herritar eta elkarteekin batera, eta aurkezpen modura, berbaldi bat antolatu du zapaturako, martxoak 5. 11:30ean hasiko da, Hizkuntza Eskolako aretoan, eta hiru politikari gonbidatu dituzte: Miren Larrion (EH Bildu Gasteiz), Alvaro Montes (Ferrol en Comun) eta Albert Botran (Molins de Rey, Herrialde Katalanak, 1984). Kataluniako CUPeko parlamentaria da Botran, eta partaidetzaren garrantziaz berba egin du telefonoaren bestaldetik.

Irailaren 27ko hauteskunde kanpainan, CUPekoek esaten zenuten jendea dela motorea.
80ko hamarkadaren erdialdean udal batzuetako alkatetzei lotuta sortu ginenetik, partaidetza beti izan da guretzat politika artikulatzeko modu bat. Politizatzeko, kontzientzia hartzeko, eta boterea gertuagotik kontrolatzeko balio du.

Hauxe zen zuen goiburua: ‘Astiro goaz, bidean urrun goazelako’. Baina presak eta alderdien interesak horren aurka doaz sarri...
Bai, horrela da. Erabakiak modu geldoagoan hartzeak hausnarketa ahalbidetzen du, baina ezin dugu ahaztu kontrolatzen ez ditugun eszenatokietan mugitzen garela. Partaidetza zabalaren printzipioa eraginkortasunagaz konbinatu nahi dugu, erabakiak gaurko gizartearen eta borroka politikoaren erritmoan hartu ahal izateko. Arerioa azkarra bada, zuk ere izan beharko duzu kasu batzuetan.

Masen inguruko bozketak oihartzuna eduki zuen. Zelan baloratzen duzue prozesua?
Erabakia oinarriagaz hartzea oso ona izan zela uste dut. Militantziaz aparte, jarraitzaileek ere botoa eman ahal zuten. Baina, nire ustez, hurrengo aldietan antolakundeak proposamen landuago bat aurkeztu beharko luke, eszenatokia hain zabala izatea saihesteko. Erditik zatitu zen, eta ondorio zaila zeukan.

Baina, prozesu katalana herritarren parte-hartzeagatik bereizi izan da...
Kalean hasi, eta gero alderdi eta instituzioek jarraitzen dioten prozesu baten eredu da Kataluniakoa. Duela hamar bat urte hasi zen, aurreikusi ezin zitezkeen manifestazioekin. Gero, independentziari buruzko kontsultak etorri ziren, oinarrizko demokraziaren, horizontaltasunaren eta autoorganizazioaren ariketa zirenak. 2012an, manifestazio handiak etorri ziren, baina prozesuaren sorrera eta arrakasta herritarren iniziatiban daude. Horrek prozesu oso zabala izatea eragin du.

Presio horrek alderdien posizioak mugitu ditu, ezta?
Argi dago. 2012an, Artur Mas akordioaren aldeko proposamen bategaz aurkeztu zen, eta urte horretako manifestazioaren ostean, amaiera ipini zion proposamen horri. Estatuak atea itxi zuenean, manifestazio masiboa gertatu zen, eta horrek testuinguru politikoa baldintzatu zuen. Estatuaren ate hori ez zen frustrazio bilakatu, eta jendeak erantzun eraikitzailea eman zion. Orduan, CIU mugimendu hori kapitalizatzen saiatu zen. Egoera hau ez dakigu zelan amaituko den, Estatuagaz gatazka bat daukagulako, baina jendea mobilizatuta egotea erabakigarria izango da, irtenbidea emateko unea heltzen denean.

Orain berba gutxiago egiten da Kataluniaz...  
Diskrezioa egotea ere ona da. Prozesuek frenetikoak izan behar ez dutela aldarrikatzen dugun lez, hedabide guztien begi-puntuan egoteak ere erabakien kalitatean eragiten duela uste dut. Esandakoa beteko dugula espero dutenen aurrean erantzun behar dugu.

Eta orain, zer?
Estatuak aldebakarreko erabakiak hartzera behartzen gaitu. Ez dio hiritargoari ahotsa eman gura. Hiru lege ditugu mahai gainean: gizarte segurantzakoa, ogasunekoa eta trantsiziokoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!