Neskutz Rodriguez: "Aldaketak emateko momentua heldu dela esan du Varoufakisek"

Anboto 2016ko ots. 22a, 12:20

Rodriguez, Varoufakis eta Miguel Urban politikariak (Arg.: @neskutzro)

Neskutz Rodriguez durangarra, Podemos-Ahal Duguko batzarkidea, Madrilen izan da asteburuan Yanis Varoufakis greziar ministro ohiak sustatutako Europarako B Plana konferentzian.

"Ez gaude bakarrik". Sentsazio horregaz bueltatu da etxera Neskutz Rodriguez. Herrialde, alderdi eta mugimendu soizaletako kide ugarik parte hartu dutela azaldu du. Hain zuzen ere, herri presioa eta "herrien arteko lankidetza" beharrezko ikusten dituzte. "Gobernura heltzea ez da nahikoa", dio Rodriguezek. Varoufakisek, "Europar Batasunetik Greziari ezarritako inposaketa" azaldu, eta "aldaketak emateko ordua heldu dela" adierazi zuen berbaldian.

Egoera horri buelta eman asmotan, arloka alternatibak lantzen hasi dira. Adibidez, feminismoa bultzatzea eta energia eredua aldatzea dira erronketako batzuk, politikari durangarraren arabera.

'Zurekin Ahal Dugu'

Bizkaia, Gizpukoa eta Arabako Ahal Duguren baitan hauteskunde primarioak egingo dituzte martxoaren 3tik 8ra, eta Neskutz Rodriguezek Zurekin Ahal Dugu izeneko ildoan dihardu. Gaur arratsaldean foro bat egingo dute Bilbon, 19:30ean Abokatuen Elkargoan, eta bertan egongo dira Laura Perez (Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia), Teresa Rodriguez (Podemos Andaluziako idazkari nagusia) eta Itxaso Cabrera (Podemos Aragoiko diputatua).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!