Amaia Iriarte: "Osasunean gure inguru guztiak eragiten du; lantokia eta etxea horren parte dira"

Anboto 2016ko ots. 19a, 09:15

‘Toxikorik gabeko etxebizitzak’ izango dituzte hizpide domekan, 18:30ean, Berdeago azokan. Inhar Arrizabalaga arkitektoak eta Amaia Iriarte medikuak etxeetan egon daitezkeen partikula toxiko moten inguruan eta hauek osasunean duten eraginaz jardungo dute. Sortutako hainbat arazori zein irtenbide eman ere azalduko dute.

Eragin zuzena dute etxebizitzek bertan bizi direnen ongizatean. Nola da hori?
Gure osasunean gure inguru guztiak eragiten du, eta horren zati garrantzitsua dira etxea eta lantokia, eguneko ordu asko pasatzen ditugu-eta hor. Gure inguruaren zati izanik, bertan dauden gauzek kalte edo onura egin diezagukete. Eragin zuzena izan dezakete gure osasunean.

Gure osasunean eragin dezaketen zeintzuk partikula toxiko aurkitu genitzake etxean?
Hiru taldetan banatu daitezke: kimikoak, biologikoak (akaroak, honddoak, lizuna...) eta ikusten ez ditugun energia edo eremu elektromagnetiko eta elektroestatikoak.

Azken talde horretan etxeko tresnak sartzen dira?
Bai. Indukziozko sua piztuta dagoenean, adibidez; eta uhin elektromagnetikoak irten daitezke mikrouhin-labearen egitura nola dagoen itxita; hozkailuaren bateriak edo motorrak ere eremu elektromagnetikoa sortzen du. Hori oheburuaren hormari itsatsita egonez gero, sortutako eremu elektromagnetikoak gugan eragin dezake logelan gaudenean. Etxetik kanpo dauden antenak edo bestelako egiturak ere izan daitezke eragileak.

Eta nola egin aurre horri?
Mikrouhin-labea jartzerakoan, ez gaitezen gelditu aurrean.  Eta, indukzioa pizterakoan, urrundu egin gaitezke, eremu elektromagnetikoek indarra galtzen dute-eta distantziarekin.

Toxiko kimikoak garbiketa produktuetan aurkitu genitzake?
Talde oso zabala da hori. Garbiketarako produktuak izan daitezke, bai. Baita pinturak eta bernizak ere. Materialek ere eragin dezakete, dituzten osagai kimikoen arabera.

Partikula toxikoek zelako eragina sortu dezakete gorputzean?
Oso zabala izan daiteke eragina. Toxiko kimikoak kantzerigeno lez sailkatuta daude. Dosi altuetan dira kantzerigenoak, baina, ez gara jabetzen dosi txikitan eta, kronikoki horren arriskuan egonda, ere eragin diezagukela. Lizunak, adibidez, eragin zuzena du arnas aparatuan. Beraz, etxeko hezetasuna gutxituta, arnas-aparatuko gaixotasun kroniko asko hobetu egin daitezke.

Inguru honetan hezetasun handia dago.
Bai, eta etxe batzuetan kondentsazio eta umedade arazoak egon daitezke. Askotan, ez gara konturatzen horrek osasunean eragin handia izan dezakela. Neguan etxea itxita mantentzen dugu beroa ez joateko, eta kondentsazioa sortzen da. Askotan, sasoi batean lez, etxea aireberritzea da kontua, eta, gero itxi.

Eta, toxiko fisikoei dagokienez?
Oso zaila da horiek osasun arazo konkretuekin lotzea, eremu elektromagnetiko edo elektroestatikoekiko sentsibilitate edo hipersentiberatasun bat egon ezean. Toxiko kimiko eta fisikoek hormona- eta nerbio- sistemak aztoratzen dituzte. Erregulatzen gaituzten sistemak aztoratzean, gorputzean sortutako desoreka horretan sintoma asko sortu daitezke.

Jabetzen gara horretaz?
Ez dut uste oso kontziente garenik. Ikusten ez diren gauzak direlako eta, dosi txikitan, kronikoki, horren arriskuan egotean kausa-eragin lotura hori egitea zaila delako.

Nola egin genezake gure etxea osasuntsuagoa?
Mediku lez, norbait etxea begiratzera joatea gomendatzen dut beti, bioeraikuntzan  formatuta dagoen arkitekto bat, edo horrelako azterketak egiten dituen norbait. Badaude eremu elektromagnetiko edo elektroestatikoak begiratzeko aparatuak, badaude moduak onddoak, lizuna... laborategietan testatzeko. Materialetan dauden toxikoak ikusi daitezke fitxa teknikoak ikusita.

Sentsibilizazio falta dago?
Gauza berria dela esan daiteke. Arazo guztiok ez ziren existitzen orain 50 urte. Sozialki, gauza batzuetaz kontzientzia hartzeko denbora bat behar izaten da. Egon daitezke batzuk sentsibilizatuago: euren etxe eta lantokiak begiratzen, aldaketaren batzuk egiten... Baina, agian, sozialki ez gara kontziente, gauza berriak dira, industrializazioarekin sortu dira.

Etxebizitza politikak eragin zuzena izango du gai honetan, ez?
Etxebizitzak eraikitzeko erabilitako materialak ikusita, herritar moduan bide onetik ez goazela esango nuke. Materialak gero eta sintetikoagoak dira, eta produzitzeko moduagatik gero eta toxikotasun gehiago sortzen dira. Arrasto ekologikoa gero eta altuagoa da.

Zer gomendatuko zenuke toxikorik gabeko etxea izateko?
Etxebizitza ikusi eta baloratu beharko genuke. Askotan, ezin dugu aukeratu non biziko garen; arrazoi ekonomikoengatik, adibidez. Baina, ze pintura erabili, eta ipiniko ditugun altzariak nola tratatu edo sortu dituzten begiratu genezake. Garbiketarako erabiliko ditugun produktuak aukeratu genitzake. Askotan, toxikotasun gehiago kendu genezake gauza txikiekin, aldaketa handiagoak planteatuta baino.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!