Denboraren Bankua martxan, Sorginola gaztetxearen eskutik

Anboto 2016ko ots. 12a, 13:24
Ezkerretik hasita, Olaso, Aresti eta Delgado, Denboraren Bankuaren sortzaileak

Ainhoa Olasok, Lara Arestik eta Iratxe Delgadok proiektu alternatibo bat dute esku artean: Denboraren Bankua. Sorginola gaztetxeko kideak dira hirurak, eta nesken partaidetza handia berezitasun duen gazteen elkargune horretan loratu zen ideia. Eguaztenean, 18:00etan egingo dute Denboraren Bankuari buruzko batzar zabala. Merkatuaren eta salerosketaren eredutik aparte, pertsonen beharrizanei erantzuteko beste modu bat topatu gura dute banku berezi horregaz.

Denboraren Bankua herritar guztiei zabaldu nahi diete, eta, datorren eguaztenean, hilak 17, lehenengo asanblada egingo dute. 18:00etan hasiko da, Sorginolan, Tabiran. Proiektuan parte hartzen dutenek, euren denbora zertarako eskaintzen duten esango dute, eta, aldi berean, beste batzuen zerbitzua jaso ahalko dute. Ez da bi lagunen arteko truke zuzena izango, taldekoa baizik. Euren arteko hartuemana Interneteko atari baten bidez egingo dute.

Paseoak, klaseak...
Olasok hainbat gauza eskainiko ditu: “Txakurra paseatu, goizetan umea eskolara eraman, ilea moztu... ideia asko etorri zaizkit burura”. Arestik, ostera, klase partikularrak eskainiko ditu, jarraikortasunik gabeak.

Bilbon eta Donostian badaude antzerako bankuak, eta handik informatu dira. “Ideia tertulia feminista batean entzun genuen, eta oso interesgarria iruditu zitzaigun”, azaldu du Arestik. Olasoren arabera,  “sozioekonomia arloan alternatiba bat sortzea beharrezko” ikusten zuten gaztetxetik.

Denboraren Bankuaz gainera, musikarien sarea, ateneo kulturala eta artisten taldea martxan dituzte Sorginolan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!