"Se necesita dependienta"

Luisa Oleaga eta Miren Erdoiza 2016ko ots. 11a, 17:08

Luisa Oleaga eta Miren Erdoiza durangarrek iritzia bidali dute ANBOTOra, denda askotan lanerako neska gazteak eskatzen dituztela-eta, kritika zabaltzeko.

Hara non goazen bi lagun Durangoko kaleetan zehar paseatzen, hizketaldi oparoan, barre algara artean, eta, zast! Aldatu zaigu aurpegia, joan dira barreak, eta etorri da haserrea.

 "SE NECESITA DEPENDIENTA (TARDES). EDAD: 20-22 AÑOS. ENTREGAR C.V. Y FOTOGRAFIA EN ESTA ZAPATERIA"

Elkar begiratu dugu laguna eta biok. Dirudienez, bizi garen mundu honetan gizonezkoek ez dute saltzaile lanetarako balio. Ematen du, 22 urtetik gorako emakumezkoek ezin dutela komertzioetan lanik egin. Zapatak saltzeko, langilearen argazki bat behar dute; agian, azal kolorea ez delako aproposa saltzaile lanetan ibiltzeko, edo sudurpeko ileek bezeroak uxatuko dituztelako.

Nazkatuta gaude. Durangoko komertzio eta taberna askotan ikusi ditugu horrelako kartelak; hau da, lan eskaintzetan emakumeonganako etengabeko erasoak. Kafea, gin-tonicak edo freskagarriak prestatzen badakigu; zapatak, arropak edo bidaiak saltzen ere bai. Eta horretarako, ez dugu idatzi gabe dagoen lege matxistarik behar, ezta nahi ere! Utzi kalean, eskolan, parkean, lanean... aske jarduten!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!