Tabirako biribilgune berria zabaldu dute, urtebeteko obraren ostean

Anboto 2016ko ots. 8a, 12:19

Segurtasuna hobetzeko helburuz iazko martxoan hasitako obrari azken ukituak ematen dabiltza; datozen egunetan amaituko dela adierazi dute Aldundiko informazio iturriek. Biribilgunea, ordea, martxan dago dagoeneko.

Urtetan zehar hainbat istripuren sorburu izan da BI-623 errepideko saihesbidea. Azken hamarkadak kontuan hartuta, ehun istripu inguru izan dira, hiru lagun hil eta hainbat zaurituta. Ondorioz, Udala eta Aldundia kezkatuta zeuden. Tabirako biribilgunearen sarrera izan da gune arriskutsuenetakoa; Izurtzarantzako noranzkoan, biribilgunera sartzeko ezkerretarantza maniobra egin behar zen, eta gauza bera Durangotik Izurtzarantza joateko. Autoen abiadurak mugimendu arriskutsu bihurtzen zituen.

Obragaz, biribilgunea errepidera atera dute. Horrela, errepidean doazenak biribilgunean sartu behar dira derrigorrean, eta abiadura nabarmen murrizten da. Gainera, biribilgune berritik San Rokera bitartean, errepidearen erdian banatzaile bat ipini dute, errailak bereizteko eta autoen aurreratzeak saihesteko. Bestalde, hemendik aurrera, Alde Zaharrerantz joateko Gasteiz Bidea erabili gura dutenek, Ibaizabal ikastola aurreko biribilgunean buelta hartu beharko dute. PSE-EEk aldaketa hori kritikatu zuen iaz; lehenago, biribilguneak aukera hori ematen zuen.

Proiektuak bi milioi euroko aurrekontua eduki du. Denbora honetan zehar, sarritan aldatu dituzte Durangoko sarrerak eta irteerak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!