Durangoko tren geltokiko instalazioengatik kezka agertu du EH Bilduk

Anboto 2016ko urt. 27a, 16:16

Tren geltokiko instalazioen egoeraz kezkatuta, mozioa aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran EH Bilduk. Besteak beste, euria egiten duenean, sarbide nagusia eta eskailerak “oso arriskutsu” bihurtzen direla ohartarazi zuen Ion Andoni del Amo zinegotziak. Komun falta, igogailua “urrun” egotea eta itxarongunea hotza izatea ere kritikatu zuen. 

Mozioak bigarren zati bat ere bazuen, trena lurperatu ostean libre geratu den lursailari buruzkoa. Eremu horretarako diseinatuta zegoen plana aldatzeko prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzea eskatu zuen EH Bilduk, bertan dorretxeak eraikitzeko egitasmoa etenda dagoela ikusita. “Burbuilaren garaiko proiektua da, eta egokitu egin behar da”. 

Herriaren Eskubideak soilik babestu zuen mozioa, eta beste guztiek aurka eginda, ez zen aurrera atera. Ordea, Fran Garateren (PP) ustez, udalak “jarraipen handiagoa” egin beharko luke. Goiztidi Diazek (EAJ) azaldu zuen udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra landuko duela partaidetza bidez: “Jada martxan dagoena eskatzen zabiltzate”. Arrazoi bera bota zuen Mauricio Garcíak (PSE-EE): “Ez du zentzurik trenbideko plana aldatzea eskatzeak, HAPO aldatu behar bada”.

Jorge Varelaren iritziz (HE), “herritarrei lursailari buruz galdetzeko” aukera litzateke mozioa aurrera ateratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!