Ikasgeletan digitalizazioa zelan erabili aztertuko dute bi eguneko jardunaldietan

Anboto

Iazko jardunaldietako momentu bat. (Argazkia: eskoladigitala.euskaleskolapublikoa.eus)

Euskal Eskola Publikoko EHIGE, BIHE eta SAREAN elkarteek antolatu dute Eskola Digitala jardunaldien bigarren edizioa. Durangoko Gran Hotelen eguaztenean eta eguenean egin dute hitzordua, eta ikastetxeetako zuzendariek, IKT dinamizatzaileek eta proiektu digitaletako arduradunek parte hartuko dute, besteak beste. Iaz, lehenengo edizioan, 200 pertsonek parte hartu zuten jardunaldietan, eta mila pertsonek internet bidez egin zuten bat jardunaldiekin. Gaur (urtarrilak 26) da izena emateko azken eguna.

Eguaztenean 09:00etan hasiko dute jardunaldia eta egitarau guztia eskoladigitala.euskaleskolapublikoa.eus webgunean aurki daiteke. Irakaskuntza digitalean adituak diren pertsonek parte hartuko dute jardunaldian, eta gailu digitalen enpresek eta argitaletxeek azken berrikuntzen berri emango dute. Esperientziak elkartrukatzeko tartea ere egongo da. Jardunaldiak hasteko berbaldia Cristina Uriarte Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak egingo du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!