Gorrotxategi eta Ardanza, Madrileko eztabaida politikoan

Anboto 2016ko urt. 22a, 09:00

Pilar Ardanza EAJko diputatua da Madrilgo kongresuan, eta Miren Gorrotxategi, Podemosekoa senatuan.

Abenduaren 20an egindako Espainiako hauteskundeek mapa politiko zatikatua utzi zuten, alderdi-bitasunaren amaiera islatuz eta gobernua osatzeko panorama zaila ekarriz. Hasieran, bazirudien hauteskundeak errepikatu beharko zirela; gero, PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko gobernua zebilen ahorik aho; orain, indar gehiago hartzen dabil PSOEko Pedro Sanchez buru izango duen gobernuaren aukera. Egoera politiko horren erdian, durangar bi daude: EAJko Pilar Ardanza kongresuan, eta Podemos-Ahal Duguko Miren Gorrotxategi senatuan.


Unearen garrantziaz
Senatua bigarren mailako ganbera bat dela onartu arren, bere partaidetzagaz pozik dago Gorrotxategi, eta egoera politikoaren garrantzia nabarmendu du: “Azken urteetako une politikorik interesgarriena da”. Gobernu osaketaren negoziazioetan bere alderdiko zuzendaritza dabilela dio: “Egunero dabiltza elkartzen. Esperantza daukat gobernua osatuko dela, eta aurrera egingo dugula”.

Senatuko mahaiko presidente izateko hautagaia izan zen bere alderdiaren izenean, baina PPk gehiengoa du senatuan, eta presidentea Rajoyren taldekoa izango da. Gainera, “PP, PSOE eta EAJren arteko akordio baten erruz”, azkenean mahaitik kanpo ere geratu dira Pablo Iglesiasen alderdikoak.

Gorrotxategi Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da EHUn, eta beraz, “profesionalki ere interesgarria” izango da berarentzat senatuan parte hartzea.

“Ardura eta ohorea”
Pilar Ardanza jeltzaleak ibilbide luzea du atzetik. Durangoko alkate eta Bizkaiko diputatu izan ostean jesarriko da kongresuan. Bere kargu berriaren ardura aipatu du: “Ardura eta ohore handia da Madrilen EAJren ordezkari izatea, baita herritarren hitza edukitzea ere”.

Aniztasun politikoa hartu du berbagai: “Orain arte, kongresua aspergarria zela zioten batzuek. Bada, orain, beste era batera aurkezten da”.

Bestalde, gobernu osaketaren inguruan, “guztia zabalik” dagoela esan du Ardanzak, eta hurrengo asteetan gaiaz gehiago jakingo dela: “Ikusiko dugu ea posible den dauden sentsibilitate guztiekin gobernua osatzea. Osatzen bada, biztanleen arazo, nahi eta ilusioak ordezkatuko ditugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!