Emakume izena ipiniko diete Durangoko udal liburutegiari eta kiroldegiei

Anboto 2016ko urt. 19a, 12:04

Durangoko udal liburutegiak eta Landakoko kiroldegiek emakume izena edukiko dute laster. Iaz, Durangoko hainbat kale, plaza edo eraikini emakume izena jartzeko erabakia hartu zuen osoko bilkurak, Berdintasun Kontseiluaren proposamena bere eginez, eta, hain zuzen ere, kontseilu horretan dabiltza hiru eraikinentzako izen posibleak aztertzen.

Izenak aukeratzen dituztenean, batzordean landuko dituzte lehenik, eta gero osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte.

Berdintasun Kontseiluan konturatu ziren Durangon ez dagoela ia emakume izendun kalerik, eta horren atzean, emakumeek sufritu duten “diskriminazio historikoa” dagoela uste dute. Parekidetasunaren ikuspegitik emakumeen presentzia indartzeko asmoz aurkeztu zuten proposamena.

Ekarpenak agerian
Euskal Herriaren historian emakumeek egin dituzten ekarpen garrantzitsuak agerian ipintzeko helburua dauka egitasmoak. Horrela, hiru baldintza dute balizko izenek: Euskal Herrikoa izatea –Durango edo eskualdeagaz lotura eduki izana lehenetsiko da–, berdintasunaren alde lan egin izana, eta hildakoa izatea.

Liburutegiari eta kiroldegiei emakume izena ipintzekoa,  proiektuaren lehenengo pausoa da, eta gerora, kaleen atala etorri beharko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!