Luis Ibañez durangarrak 1.000 euro batu ditu atondu duen jaiotza solidarioari esker

Anboto 2016ko urt. 13a, 10:20

Luis Ibañez durangarrak Gabonetako Jaiotza ipini du San Frantzisko kalean daukan lokalean, eta arrakasta handia lortu du. Izan ere, 2.800 lagunetik gora joan dira ikustera. Gainera, aipatzekoa da kutsu solidarioa eduki duela; bertan batutako 1.000 euroak Durangoko Minbiziaren Aurkako Elkarteari eman dizkio dohaintzan.

 
17 urte daramatza Ibañezek afizioagaz. Duela hiru urte konturatu zen beste batzuei laguntzeko ere baliatu zitekeela. Horrela, sarreran kutxa bat eta diruaren helmuga azaltzen zuen kartel bat ipini zituen. Orduko hartan, DYAri eman zion, eta azken urte bietan, minbiziaren aurka lan egiten duen taldeari. Esker onez berba egin du elkarte horretako kide den Montse Llorentek: “Oso garrantzitsua da guretzat”.

Bestalde, Jesuitak ikastetxeko gazteek  diru bilketa egiten lagundu diete, eta horientzat ere esker mezuak izan ditu Llorentek. Lanean segiko dute: “Durangarrek beti ondo erantzuten dute. Jakin dezatela, hemen gaudela behar denerako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!